Lurrikarrak pairatu dituzten turkiar eta siriarrentzat arropa jaso duen herritar taldeak gutun bat bidali du komunikabideetara lagundu dieten bizilagun guztiei eskerrak emateko. Horra hor gutuna.
“Denon artean lortu dugu!
Zer moduz animoak eta emozioak egun hauetan? Litekeena da oraindik neke-hondarrak, zirimolak, emozioak azal-azalean egotea… eta logikoa da guztion artean lortu duguna oso handia izan delako, itxaropen baikorrenak aise gaindituz.
Sare sozialek, Whatsapp-ek, telefono deiek, ahoz ahokoak… posible egin dute indarrak elkartzea eta boluntarioek gurekin lankidetza estua izatea, zuek gabe ezinezkoa izango baitzen ekimen hau gauzatzea.
Beroki eta jantzi ugari ekarri eta bildu ditugu, autoak etengabe etortzen ziren arropa ekartzera, baita inguruko beste herri batzuetatik ere.
Arropa mendiak lokalaren barruan eta kanpoan, ez genuen nahikoa toki eta esku aukeraketa lana egiteko. Bilketa kontrolaezina bilakatu zen, baina zuetako asko horretaz konturatu zineten eta minutu gutxiren buruan 10 boluntario izatetik 50 izatera igaro ginen. Egun horretan gutako asko 21:00ak arte geratu ginen, gogoratzen?
Oso une hunkigarriak, dibertigarriak eta esperientzia maitagarriak partekatu ditugu Siriako eta Turkiako haurrei laguntzeko, zuen arropa poltsatxo bat ekarri duzuen familia eta haurrekin. Adinekoak, seniderik gabe geratu zareten pertsonak… Oso une gogorra da gurekin ez dagoen pertsona baten gauzak ematea. Beste pertsona batzuek beraien arropak erabiliko dituztela eta joan direnei ekimen honetan parte hartzea gustatuko litzaiekeela pentsatzeak mina arindu dizuela esan diguzue.
Eta askoz jende gehiago…
Lau furgoneta eta kamioi bat bete ditugu, DYAk emandako kontainerrak bete ditugu. Garraioa egingo duen ontzia Bilboko portuan dago jada.
Pozik egindako lanagatik, amaitutzat ematen dugu guri dagokiguna, orain beste batzuek jarraituko dute prozesuarekin, bidalketak kaltetuei helarazteko.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu lokala eta materiala utzi edo eman diguzuen guztiei, zer edo zertan lagundu duzuen guztiei, kontainerrak utzi dituen enpresari eta, jakina, Bizkaiko DYAri eta, bereziki, gure zuzeneko kontaktua izan den arduradunetako bat.
Joan zen ostegunean bere deia jaso genuen, gure laguntza eskertuz eta guztion artean lortutako material kopuruagatik zorionduz.
Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio, Itsaso, Ordizia… guztion artean emaitza bikaina lortu dugu! Zorionak… eta hurrengora arte”.