Euskadiko txapela jokoan egongo da eta argazki lehiaketa ere antolatu dute
Gaur goizean UZ Trail mendi lasterketa aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Euskadiko Trail Txapelketa egongo da jokoan eta punta-puntako korrikalariek parte hartuko dute. Besteak beste, Aritz Egea eta Ainhoa Sanz urretxuarrek. Nesken artean, iazko lehen hiru sailkatuak (Onditz Iturbe, Mayi Mujika eta Ainara Urrutia) eta Malen Osa oñatiarra ere egongo dira.
Lasterketa martxoaren 5ean izango da. Hiru ibilbide egongo dira aukeran: 23,4 kilometrokoa, 12,1 kilometrokoa eta 6 kilometrokoa. Euskadiko Trail Txapelketa egongo da jokoan. Lasterketa luzean kategoria absolutuko txapela egongo da jokoan (2000. urtean eta lehenago jaioak), 12,1 kilometrokoan 23 urte azpikoen txapela (2001, 2002 eta 2003an jaioak) eta 6 kilometrokoan 18 urte azpikoen (2006an eta 2007an jaioak) eta 16 urte azpikoen txapelak (2008an eta 2009an jaioak). Bi lasterketa luzeenetan 18 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Lasterketa luzekoak 09:00etan abiatuko dira Areizaga-Kalebarrenetik. Gainontzekoak, 09:30ean. Sari banaketa ekitaldia 12:00etan izango da, toki berean.
Izen-ematea zabalik dago. Martxoaren 3an itxiko da, 20:00etan. Izena emateko, sakatu hemen. Antolatzaileek inoizko parte hartze handiena espero dute. Dagoeneko 350 korrikalarik baino gehiagok eman dute izena eta 400 lagunek baino gehiagok parte hartzea espero dute.
Aurkezpen ekitaldian Goierri Garaia klubeko Patxi Catalanek, Euskadiko Atletismo Federazioko trail arduraduna den Santi Perezek, Argazkia elkarteko Jesus Mari Etxeberriak, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak parte hartu dute.
Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da. Fidalgok lasterketak Urretxu eta Zumarraga mendi lasterketen munduan ezagutzera emateko balio izan duela aipatu du. “Hori indartzeko, aurten argazki lehiaketa bat antolatzea erabaki dugu. Horrekin, beste helburu bat ere lortu dugu: herriko bi elkartek (Goierri Garaia eta Argazkia) elkarrekin lan egitea”.
Catalanek ibilbideari eta parte hartzaileei buruz hitz egin du. Ibilbide luzekoak Areizaga-Kalebarrenetik Izazpira joango dira. Urtubiko baratzetatik jaitsiko dira herrira. Ondoren, Irimora igoko dira eta zazpi puntetan korrika egingo dute, helmugara jaitsi aurretik. 12,1 kilometroko probakoak ez dira Irimora igoko: Izazpitik helmugara jaitsiko dira. 6 kilometroko proban parte hartuko dutenak Belokira igoko dira.
Proba luzean punta-puntako neskek parte hartuko dutela azpimarratu du. 12 kilometrokoan, berriz, La Sportiva taldeko Carrodilla Cabestre eta Goierri Garaia taldeko Ibai Larrea arituko dira. Cabestrek 18 eta 20 urte artekoen munduko kilometro bertikal txapelketa irabazi zuen iaz. Larreak, berriz, 23 urte azpikoen Espainiako txapelketa irabazi zuen joan zen astean. Perezek ere parte hartzea azpimarratu du.
Etxeberriak argazki lehiaketaren berri eman du. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Bakoitzak bost argazki aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Argazkiak martxoaren 8ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Argazkiak argazkielkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira, bereizmen txikian. Sarituei bereizmen handian ere bidaltzeko eskatuko zaie.
Epaimahaiak martxoaren 17an hartuko du erabakia. 18:30ean Urretxuko kultur etxean. Ekitaldia irekia izango da. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 24an izango da: 19:00etan, Urretxuko udaletxean. Bost sari banatuko dira: argazki onenari saria (150 euro eta oparia), bigarren argazki onenari saria (100 euro eta oparia), herriko argazki onenari saria (90 euro eta oparia), gaztetxoen argazki onena (50 euro eta oparia) eta gaztetxoen bigarren argazki onena (30 euro eta oparia).