Urretxu-Zumarraga Ikastolako bi talde StartInnova lehiaketako finalera sailkatu dira. Horietako batek lehen saria lortu du (Asier Gabilondo Ena, Maider Urkiola Zabaleta, Maddi Bilbao Garmendia eta Garazi Lasa Larrañaga). Beste taldeak, (Ferdaws El Machkouri, Aiur Hurtado Laberdi, Martin Arbulu Iribar eta Irune Igarza Mendez) laugarren saria eskuratu du.
StartInnova El Diario Vascok bultzatutako proiektua da, Gipuzkoako hainbat enpresen aholkularitzarekin, Batxilergoko ikasleengan ekintzailetasuna sustatzeko. 16-17 urteko gazteek enpresa edo gizarte kutsua duten ekimenak sortzea da helburua. Gipuzkoako 31 ikastetxek parte hartu dute eta 183 proiektu aurkeztu dira. Gaur, Donostian, finalistek beren egitasmoa aurkeztu dute epaimahaiaren aurrean.
Talde irabazleak 12-16 urte bitarteko gazteen artean autismoa normalizatzeko proposamen bat egin du. Jolasen bidez autismoa duen pertsona baten egunerokoa ezagutzera emateko egitasmoa da. Laugarren saria lortu duen taldeak, berriz, ekintzaile berriak harremanetan jartzeko aplikazio bat sortu du.