Urretxuko EAJk eta EH Bilduk bere kezka agertu dute Ainhoa Barbarini hirugarren gradua kendu diotelako eta bigarren gradura itzuli delako. “Ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta”, ebazpen horiek Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin bateragarriak izatea eskatu dute, gradu progresioak eta/edo espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena. Horra hor bi alderdiek adostu duten testua.
“Ainhoa Barbarin preso urretxuarra espetxean sartu eta bigarren espetxe-graduan jarri dute berriro, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala erabakita, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eskatu ondoren.
Martuteneko espetxeko tratamendu-batzarrak hirugarren gradua ezarrita zion Ainhoari aurreko urriaren 6an. Legeak dioen bezela, reintegrazio prozesuan, legeak dioen baldintza guztiak beteta eta lege arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan ez eta Urretxuko herriarenean.
Ainhoak 2002. urteko urtarriletik darama kartzelan, eta bere zigorraren bi heren beteak dauzka. Beraz, legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren graduan egoteko.
Urretxuko EAJ eta EH Bilduk bere kezka adierazten dute Fiskaltzak espetxe-organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituela eta. Izan ere, kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak.
Hori dela eta, eskatzen dugu, ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak eta/edo espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena”.