Saria Landaola federazioak ematen du, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egiteko
Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola federazioak Landaola Sariak antolatu ditu. Lau dira emango diren sariak: Erakunde Pribatuaren Landaola saria, Erakunde Publikoaren Landaola saria, Emakumeak Landa Eremuan Landaola saria eta Urteetako ibilbideari Landaola saria. Erakunde Publikoaren Landaola sariari dagokionez, hautagaien artean Zumarragako azoka dago, bertako produktuak, kultura eta balioak eta Zumarragako aniztasuna batzen dituelako.
Beste bost hautagaiak Hondarribiko Udala (Bidez-Bide, landa-eremurako eskaripeko garraio-zerbitzua), Zubillaga-Oñati hiltegia (haragiaren balio katean hiltegiko zerbitzua hobetzeko egindako lanagatik), Eibarko Udala (Errebal plazako azoka), Amezketako Udala (ondare kultural eta naturala biltzen duen Pello Zabala gunea) eta Zarauzko Udala (merkatu plazaren eraberritzea) dira. Sari banaketa ekitaldia datoren ostiralean izango da (martxoak 3), 12:00etan Berastegiko udaletxean.
Sariak emateko garaian, honako alderdiak kontuan hartuko dituzte: proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanlego eta sortutako lanpostu kopurua, duen zabaltzeko aukera eta izan duen oihartzuna, edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza.
Landaola, Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkartea da. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau, Gipuzkoako sei Landa Garapen Elkartek osatzen dute: Behemendik, Deba-Garaiak, Debemenek, Goimenek, Tolomendik eta Urkomek.