Altolagirrek esan du Urretxuko Udalak "haize berria" behar duela, garai eta erronka berriei "behar bezalako" erantzuna emateko
Jon Altolagirre Askasibar izango da Urretxuko EH Bilduren alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetan. Urtarrilaren amaieran jakinarazi zuten bere hautagaitza, baina gaur eguerdian egin dute aurkezpen ofiziala, Ederrena pilotalekuan. Altolagirrek esan du “ohorez eta arduraz” hartu duela alkategai izateko “erronka”, eta “prest” dagoela gaineratu du. “Prest gaude gure onena Urretxuren alde emateko”.
Urretxuko Udalean “garai eta erronka berriei behar bezalako erantzuna emateko haize berria” behar dela azpimarratu du. Eta EH Bilduren aukera goraipatu du. “Konbentzituta nago EH Bilduk Urretxun sekulako ekarpena egin dezakeela. Urte luze hauetan egin dugunaren haritik, gure eskua elkarlanerako zabalik baina determinazio osoz gure proiektuak, gure egiteko modua, ezkerretik eta Euskal Herria ardatz harturik, herritarrekin elkarlanean, beti egin izan dugu moduan”.
Sei erronka bereizi ditu: lana, osasuna, euskara eta kultura, zaintza, klima larrialdia eta gaztedia. Urretxun “lan eta bizitzeko aukerak biderkatu” egin behar direla aipatu du, Uggasaren proiektuak bultzatuz eta industria berdearen eta ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua eginez; Udalak, osasun publikoaren defentsan eta indartzean, “lidergoa” izan behar duela ere esan du. Zerbitzu publikoak izan ditu hizpide, eta uraren auziari ere egin dio keinu. Helburua uraren faktura merkatzea dela zehaztu du; euskararen erabilera areagotu nahi duela ere azpimarratu du, eta Pagoetako eraikina “kultur politika artikulatuko duen topagune izateko gunea” izan behar dela deskribatu du; zaintzari dagokionez, Usurbilgo, Errenteriako edota Azpeitiko modeloak ekarriko dituela aurreratu du; klima larrialdiarekin ezin dela beste aldera begiratu ohartarazi du. Neurriak eskatu ditu, “inoiz baino beharrezkoagoak” direlako. Esan du energia burujabetzan sakonduko duela; eta, azkenik, gazteak izan ditu hizpide. Herriko gazteen autonomia eta emantzipazioa oinarritzat dituzten politikak egingo dituela esan du.
Ohiane Zabaletaren hitzaurrea
Ekitaldian, egungo zinegotziekin batera, Urretxuko alkate izan zen Oihane Zabaletak hartu du parte. Nabarmendu du “komunitatearen izaera indartzea izan da gure bidea eta ziur naiz gaur aurkezten dugun hautagaitzarekin bide horretan beste pausu bat emango dugula”.