Zumarragako ospitaleko garbitzaileek greba hasi dute gaur, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen babesarekin. Aste bateko greba deitu dute, martxoaren 5era arte.
Langileek negoziazioa blokeatuta dagoela diote. “Bost urte igaro ondoren, eta Osakidetzako garbiketa zerbitzuen esleipendun diren enpresekin berrogeita hamar bat bilera burutu ostean, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da”.
Osakidetzako langileen baldintza berak edukitzeari utzi diotela salatu dute. “Garbialdi buru duten enpresa esleipendunek eta bezeroak (Osakidetza) hamarkadetan indarrean egon den homologazio-printzipioa haustea erabaki dute. Printzipio horren arabera, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak guri aplikatzea lortu genuen”.
Osakidetzak bitartekari lana egin beharko lukeela uste dute. “Osakidetzako zuzendaritzara askotan jo dugu, gatazka honetan bitartekari lanak egin ditzan, baina erakunde publiko honek ez du erantzuteko duintasuna erakutsi. Euskal Administrazioa sektore maskulinizatuetako gatazketan (metala) inplikatu egiten da eta lan gatazkaren protagonistak emakumeak garenean bizkarra ematen du”.
Ez daude amore emateko prest. “Egoera oso larria da, baina Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok ez dugu amore ematen. Ez gaude prest duela hamarkada batzuk borroka bikain batzuen ondoren lortutako eskubideak galtzeko. Gure hitzarmena eta homologazioaren printzipioa hortzez eta haginez defendatuko ditugu”.