Herriak bertan bizi garen guztionak dira eta, beraz, denok dugu ekarpenak egiteko eskubidea eta betebeharra. Zumarragan haur eta nerabeen kontseilua sortu dute, Unicefen Haurren Lagun Diren Hiriak egitasmoaren baitan. Egitasmo honen helburua haurren eskubideak tokiko politiketan aplikatzea da.
Kontseilua gaur goizean eratu dute. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Nerea Errasti Gazteria zinegotziak eta Zumarragako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako zinegotziek parte hartu dute.
Kontseiluko kideak hainbat aldiz elkartuko dira urtean zehar. Bileretan udalerria hobetzeko proposamenak egingo dituzte. Beraien proposamenak ez dira haurren eta nerabeen bizitza hobetzera bakarrik bideratuko. Zumarragar guztien bizi kalitatea hobetzea izango dute xede. Izan ere, haurren beharrak aintzat hartzea bizilagun guztien mesederako da.
Serranok haurrek helduek dituzten eskubide guztiak dituztela gogoratu du. “Helduek baino urte eta esperientzia gutxiago izan arren, horrek ez du esan nahi eskubide gutxiago dituztenik. Udal honek garrantzia eman nahi dio haurren eta nerabeen eskubide garrantzitsuenetako bati: eragiten dieten gaiei buruzko erabakietan parte hartzeko eskubideari. Parte hartzeko eskubide hori, beharbada, gutxien errespetatzen denetako bat da”.
Errastik haur eta nerabeen kontseiluko parte hartzaileak aurkeztu ditu eta batzordearen funtzionamenduaren berri eman du.
Ekitaldia amaitu ondoren, parte hartzaile guztiak Zelai Arizti kultur etxera joan dira. Izan ere, bertan egingo dituzte bilerak. Dagoeneko lehen ekarpenak egin dituzte hainbat alorretan: euskara, ingurumena, osasuna, aisialdia eta eskubideak, besteak beste.