Mary Francok Burgosko Barbadillo de Herreros herrian pasatzen ditu oporrak eta hango ateak margotu ditu. Koadroak hilaren 8tik aurrera Zumarragan ikusgai egongo dira.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2023/03/mary_franco-900x676.jpg)
Denok ditugu gure paradisu txikiak: oporretako tokiak, haurtzaroko une gozoak gogora ekartzen dizkigutenak, lasaitasuna ematen digutenak… Mary Francoren paradisua Burgoseko (Espainia) Barbadillo de Herreros herria da. Bere senarra bertan jaio zen, bertan etxea dute eta bertan zoriontsuak dira. Francok bertako ate eta lastategi zaharrak margotu ditu, betirako galdu aurretik. Koadroak Zumarragako kultur etxeko sarreran ikusgai egongo dira, datorren asteazkenetik hilaren 18ra arte. Ondoren, Barbadilloko Udalari emango dizkio.
Zumarragatik Barbadillora
Franco Espainiako San Martin de Trevejo herrian jaio zen duela 77 urte. Hiru urte zituenean Urretxura ekarri zuten eta egun Zumarragan bizi da. Barbadillon ere etxea dute. «Uda han ematen dugu eta urtean zehar ere askotan joaten gara. Izan ere, hiru ordu baino gutxiago behar dugu bertara joateko. Mendian dago, Demanda mendilerroan. Ehiztari asko joaten dira, basurdeak eta oreinak baitaude. Abeltzain herria izan zen eta burdinola bat ere bazegoen».
Burdinolara lanera joan zirenen artean, Francisco Grandmontagne idazlearen aita zegoen. «Grandmontagneren aita Iparraldekoa zen eta ama, berriz, Zegamakoa. 98ko belaunaldiko kidea izan zen. Argentinan bizi izan zen eta bertan Iparragirreren alargunari lagundu zion. Itzuli zenean, Donostian bizi izan zen eta bertan hil zen».
Hori dela eta, Donostiako Udalak Grandmontagneren omenezko monumentu bat oparitu zion Barbadillori 1986an. Ordurako, Franco bertara joaten zen oporrak pasatzera. «50 urte daramatzat Barbadillora joaten. Ezkondu nintzenetik. Oso toki lasaia da margotzeko, irakurtzeko… 100 lagun inguru bizi dira bertan, baina udan herria bete egiten da. Antzerkia ere oso gustuko dudanez, urtero antzezlan bat prestatzen dut Barbadilloko lagunekin».
Orain, horrenbeste maite duen herriari eta bertako bizilagunei erakusketa bat eskaini die. Ateak, lastategiak eta oroimena du izena (Puertas, pajares y memoria, gazteleraz). Bertan bizi eta lan egin zutenak ahanzturan gera ez daitezen. Bertan bizitako une gozoak betirako gordeta gelditu daitezen.
Horra hor Mary Francoren paradisuko argazki batzuk.