Zumarragako EH Bilduk, udal gobernua lortzen badu, uraren tarifak murriztuko dituela eta "gure ura berreskuratu" egingo duela agindu du
Zumarragako Udalak edateko uraren hornidura eta estolderia zerbitzua Global Omnium enpresari esleitzea erabaki du. EH Bildukoek aurka bozkatu zuten eta osoko bilkuran ez duten adierazpenik egin. Prentsa oharra igorri dute. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“Aurreko kontratua amaitu eta 14 hilabetetara, kontratuaren derrigorrezko luzapen batekin, prozesu eskandalagarri bat tarteko eta hauteskundeetarako hiru hilabete falta direla, uraren zerbitzuaren kudeaketa Aguas de Valencia (Global Omnium-Vanagua) enpresa multinazionalari esleitu zaio. Kontratuaren zenbatekoa 6,8 milioi eurokoa da. 14 hilabeteko atzerapenarekin eta hauteskundeetarako aste gutxiren faltan, ez zaigu bidezkoa iruditzen zumarragarren interesen aurkako erabakiak hartzea; Gipuzkoako batez bestekoa baino askoz gehiago ordaintzea, herritarrei erabakitzeko ahalmena kentzea eta udal talde berri bati funtsezko zerbitzu baten kudeaketa hipotekatzea suposatzen baitu.
Horretaz gain, bizitzaren kostua garestitzen ari den eta inflazioaren garaiotan oinarrizko ondasun baten fakturaren kostua murrizteko udal eskumenak ditugun eremu bakanetako batean, PSE-EEk zumarragarrak zigortu egiten gaitu, gure herrian uraren kostua inguruko gainerako udalerrietakoa baino askoz ere altuagoa izanik.
2021.urtearen amaieratik gaur arte, uraren horniduraren zerbitzua Aquarbe-Suezek kudeatzen du, 14 hilabeteko derrigorrezko luzapena tarteko. 2022ko martxoan jarri zen martxan lizitazioa, baina ondo dakigun bezala, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zituen uraren pleguak eta udalak berriro hasi behar izan zuen oso atzeratuta zegoen lizitazio prozesua. Lau enpresa lizitatzaile izan dira eta puntu gehien lortu dituena Global Omnium-Aguas de Valencia izan da, ondoren Gestion Tecnica del Agua, Aquarbe-Suez eta Aqualia-FCC. Ondorioz, uraren kudeaketa Global Omnium-Aguas de Valencia taldeari esleitu zaio. Enpresa honek 521.800 euroko kanona eskaini dio Udalari. Kanon hau gure fakturen bidez ordainduko dugu.
Azpimarratzekoa da hasieran aurkeztu ziren pleguekin Aquarbek 20 puntu gehiago lortuko lituzkeela; beraz, argi dago Eusko Jaurlaritzak derrigortutako pleguen aldaketak ez zirela txikikeria batzuen ondorio izan; baizik eta esaten genuen bezala, pleguen funtsa eta azken puntuazioa aldatzen zituztela. Aldea nabarmena zen eta erabakigarria izan da zerbitzua esleitzeko orduan.
Urretxun Aquarbe-Suezek kudeatzen jarraitzen duela eta Zumarragarekin bulegoak eta langileak partekatzen dituela kontuan hartuta, egoera gutxienez zaila da. Zentzugabekeria bat da Urretxun eta Zumarragan, Gipuzkoan uraren kudeaketa pribatizatuta daukaten herri bakarrak izanik eta Estatuko tarifarik garestienekin, gure ura bi enpresa pribatu desberdinek kudeatzea. Eta ez dugu ahaztu behar zein egoeratan gelditzen diren bi udalerrietan zerbitzua ematen aritu diren langileak.
PSE-EEk hauteskundeen bezperan dena ondo lotuta utzi nahi izan du, baina datorren legegintzaldian udal gobernua lortzen badugu, neurri eta ekimen hauek jarriko ditugu martxan, guztiz bideragrriak eta egingarriak direnak, gurea dena berreskuratzeko eta tarifak murrizteko eta hala, herritarren bizitzaren garestitzea arintzeko.
-Uraren tarifak %50 murriztuko ditugu kontsumo txikienetan, kanonak finantzatutako hobarien edo tarifen ordenantzen bidez. Progresibitate irizpideak ere ezarriko ditugu.
-Lizitazioaren auditoria bat jarriko dugu abian, enpresaren irabazi industrialaren eta zerbitzuaren kalitatearen jarraipena eta kontrola egiteko. Horrela, lizitazioaren bukaerara arte itxaron gabe, bideragarritasun juridiko ekonomikoa izango dugu kudeaketa publifikatu eta tarifetan esku hartzeko.
-Espediente administratibo bat abiatuko dugu Aquarbek legez kanpo irabazi duen dirua berreskuratzeko.
-Urretxurekin batera hasiko dugu zerbitzua publifikatzeko prozesu tekniko administratiboa: legegintzaldi berriaren hasieratik hasiko dugu prozesua, lizitazioa amaitu aurretik dena prest egon dadin. Uraren kudeaketa munizipalizatu ezingo balitz, Gipuzkoako Ur Partzuergoarekin hitzarmena sinatzeko apustua egingo dugu, zalantzarik gabe.
-Langileen lan baldintzak hobetuko ditugu eta ura kudeatzen duen egitura publiko berrian sartuko direla bermatuko dugu.
Zumarragarrekin dugun konpromisoa argia eta irmoa da.Uraren tarifak murriztu eta gurea dena berreskuratuko dugu”.