Gaur arratsaldean manifestazioa egin dute Urretxu eta Zumarragako kaleetan, Urola Garaiko Koordinadora Feministak deituta. Ehunka lagunek parte hartu dute, Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde. Denon bizitzak erdigunean lemapean.
Zaintza lanak ezinbestekoak direla gogoratu dute. “Ezin dira ikusezin egiten eta merkantilizatzen jarraitu”, esan dute. Pandemiak adinekoen egoitza batzuetako egoera jasangaitza argitara atera zuela gogoratu dute eta etxeetan lan egiten duten langileen esplotazioa salatu dute. “Etxeetan, lantokietan eta harremanetan, langile klaseko emakumeak gara zaintza sostengatzen dugunak”. Hori dela eta, zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatu dute. Duintasunez eman eta jasoko den zaintza.
Bukatzeko, elkartasun mezua bidali diete beraien lan baldintzak hobetzeko borrokan ari diren etxez-etxeko laguntza zerbitzuko langileei eta ospitaleko garbitzaileei eta Ainhoa Barbarin presoari. Ekitaldiaren amaieran kanta batzuk abestu dituzte.