Eragile guztiek elkarrekin lan egingo dute. Egitasmoaren helburu nagusia mendekotasuna dutenek beraien etxeetan bizitzen jarraitu ahal izatea da.
Urretxuko Udalak Tokiko Zaintza Ekosistema aurkeztu du. Egitasmoaren helburu nagusia mendekotasuna duten urretxuarrek beraien etxeetan bizitzen jarraitu ahal izatea da eta, horretarako, eragile ezberdinek elkarrekin lan egingo dute.
Proiektu hau aitzindaria da. Bi urte daramatzate lanean. «Pandemiak gauza on gutxi ekarri zizkigun. Horietako bat, beharrak eta beharrei aurre egiteko eredua aztertu beharra izan zen. Hala, errealitate berriari egokitzeko, gizarte zerbitzuak berritu behar genituela konturatu ginen», azaldu du Jon Luqui alkateak.
Pandemian, udal langileak bakarrik bizi ziren herritarren etxeetara joan ziren, diagnostikoa egin zuten eta ondoren Tokiko Zaintza Ekosistema diseinatu zuten, Matia fundazioaren laguntzarekin.
Sistema honetan eragile ezberdinek elkarrekin lan egingo dute: osasun zerbitzuak, udalaren eta aldundiaren gizarte zerbitzuak, Gurutze Gorria, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia, +65 Foroa, Aspace…
Helburua zaindua izan behar den pertsona erdigunean jartzea eta pertsona horiei beraien etxean bizitzen jarraitzeko aukera ematea da. Horretarako, Urretxuko Udalak Gizarte Ekintza saila indartu du.
Teknologia berriak
Horretaz gain, teknologia berriak erabiliko dira. Urretxuko Udalak Urretxun Zaindu egitasmoa jarri du abian. Sistema berria aitzindaria da Gipuzkoan.
Hasteko, IMQ-Igurco eta Ideable enpresekin lankidetzan, menpekotasuna duten hainbat bizilagunen etxeetan sistema digital bat instalatu behar dute. Sistema honek zainduari eta zaintzaileari laguntza eskainiko die. Tablet-en eta eskumuturrekoen bidez, zerbitzu soziosanitarioak jasoko dituzte. «Gehienek beraien etxean bizitzen jarraitu nahi dute eta teknologiak horretan lagunduko die», azaldu dute udal arduradunek.
Proiektu pilotu honetan 15 erabiltzailek, beraien zaintzaileek, udaleko Gizarte Ekintza saileko teknikariek, eguneko zentroko langileek eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek parte hartuko dute; Igurco enpresako adituen laguntzarekin.
Jon Luqui. Urretxuko alkatea
«Errealitate berriari egokitzeko, gizarte zerbitzuak berritu beharra dago»
Hasteko, sistemaren erabiltzaileen balorazioa egingo dute. Balorazio horren arabera, bakoitzari bere beharren araberako plana diseinatuko diote. Teknikariek planen jarraipena egingo dute. Teknologiaren bidez, egunero erabiltzailearekin eta bere zaintzailearekin harremanetan jarriko dira. Egunero, zer egin behar duten azalduko diete. Tableta erabiltzeko ez da Wi-Fi-rik behar. Ezta informatika ezagutzarik ere.
Tablet-aren bidez, egin beharreko ariketa eta zereginen berri emateaz gain, teknikariek erabiltzailearen eta zaintzailearen inguruko datuak jasoko dituzte. Hala, beraien egoeraren berri izango dute. Zerbitzua euskaraz eta gazteleraz eskainiko da.
Gainera, Urretxuko Udalak Urola Garaia Zaintza LAB egitasmoan parte hartu du. Errehabilitazio sistema berritzaileak mugikortasun arazoak dituzten bizilagunen zerbitzura jarriko dira.
Bestalde, Urretxuko Udalak Zaintza Herrilab egitasmoan parte hartzen du. Egitasmo hori Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri fundazioak sustatu dute, beraien etxeetan bizi diren adinekoen zaintza hobetzeko. Egitasmo horretan parte hartzen ari diren udalek sarea ehundu dute, informazioa eta esperientziak partekatzeko.
Bukatzeko, udalak sistemaren funtzionamendua aztertuko du, hobekuntzak egiteko. Bi urtean behin, Gizarte Ekintza sailak datu estatistikoak aztertzen ditu eta elkarrizketak egiten ditu. Horretaz gain, diru laguntzak jasotzen dituzten pertsonei jarraipena egiten die. Teknikariak beraien etxeetara joaten dira behar bezalako zaintza jasotzen dutela eta bizikidetza eta bizigarritasun baldintzak behar bezalakoak direla ziurtatzeko.