Reala non, Musti Taldea han. Urretxu eta Zumarragako Realaren lagun taldeak ez du inoiz kale egiten. Gaur Realak Europa Ligako final zortzirenetako kanporaketa jokatu du Erroman eta hara ere Musti Taldeko kideak joan dira. Iñaki Ruiz de Egilaz eta Antonia Mateos senar-emazteak, beraien seme Iñakirekin eta Maialen Mendinueta eta Xabier Zabaleta lagun legazpiarrekin joan dira. Argazkietan beste realzale batzuekin ageri dira, tartean Xabi Prieto Realeko kapitain ohiarekin. Realak galdu egin du, baina primeran pasa dute eta hurrengo egunetan Italiako hiriburuaz gozatuko dute.
Andoni Madariagak ere pozik egoteko arrazoiak ditu, bere taldeak galdu duen arren. Partida hasi aurretik zaleek Jokin Aperribai Realeko lehendakariari garagardoak eskatu dizkiote eta Madariagak Aperribairi garagardo bat oparitu dio. Trukean, Realeko lehendakariak David Silvak sinatutako kamiseta bat oparitu dio.