Maria Jesus Asurmendik (Zumarraga, 1966) Zirrara pintura erakusketa irekiko du gaur (ostirala) 19:00etan Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Lehenengoz, margolan abstraktuak erakutsiko ditu.
Betidanik gustatzen al zaizu margotzea?
Umetatik. 14 urterekin nire kasa hasi nintzen eta 17 bat urterekin Felix Vaquerizaren eskoletara joan nintzen. Ordutik, boladak izan ditut. Utzi eta berriro hasi. Berriro Urretxuko arte eskolara joaten hasi naiz eta erakusketa egitea erabaki dut.
Zerk animatu zaitu zure zaletasuna berreskuratzera?
Gogoa ez dut inoiz galdu, baina osasun arazoak izan ditut eta ez nintzen lan figuratiboak egiteko gai. Hori dela eta, beste modu batera margotzea erabaki dut. Aitor Etxeberria irakaslearekin hiperrealismoa ez egiten saiatzen nintzen, gauza berriak sartzen, baina oraingoan berrikuntza izan da nire bila etorri dena. Fisikoki eta psikologikoki, askatasuna behar nuen.
Figuratiboa nekagarriagoa al da?
Lan figuratibo asko egin ditut eta beti lasaigarria izan da niretzat, baina oraingoan beste zerbait behar nuen.
Nola definituko zenituzke lan hauek?
Buruak abstrakziora eraman nau eta lan hauek lantzean askatasuna sentitu dut. Lasaitasuna. Abstrakzioa lantzean, mugitu egin zaitezke. Burua eta gorputza askeagoak dira.
Ze gai landu dituzu?
Paisaiak, testurak… Lan abstraktuagoak egin ditut, baina konturatu gabe lehen egiten nituen gauzekin zerikusia duten gauzak egin ditut: paisaiak, itsasoa… Beste lan batzuetan, intuizioz-edo, figura geometrikoak egin ditut.
Ze material erabili duzu?
Akuarelarekin hasi nintzen eta ondo sentitu nintzen, baina olioarekin egindako lana ere badaude. Usainik gabeko disolbatzaileak ezagutu nituenean animatu nintzen. Disolbatzaileei esker, olioak akuarelaren antza hartzen du. Denbora asko neraman olioarekin margotu gabe.
Margolanak ez dituzu markoztatu.
Ez nuen aretoa dekoratu nahi, lanak erakutsi besterik ez.
Erakusketa asko egin al dituzu orain arte?
Beti saiatu naiz nire lanak erakusten. Zumarragako Itarte etxean eta kultur etxean, Juan de Lizarazu aretoan, Beasainen… erakutsi ditut nire lanak.
Lehenengoz, lan abstraktuak erakutsi behar dituzu. Jendearen iritzia ezagutzeko gogoa al duzu?
Nik nire lana egin dut. Jendeak nahi duena pentsa dezala. Jendearen gustukoak izatea gustatuko litzaidake, baina gustatzen ez bazaie ez da ezer gertatzen.
Zergatik jarri diozu ‘Zirrara’ izenburua erakusketari?
Sentimenduak beti hor daude eta egiten dituzun lan guztietan ageri dira. Oraingo honetan, beharbada, gehiago. Izenburu bat aukeratu beharra nuen eta hori gustatu zitzaidan, bai soinuagatik eta bai esanahiagatik.