Mingainluze lehiaketak arrakasta itzela izan zuen Lehen Hezkuntzako ikasleen artean. Labeaga aretoan jokatzen zen, Gorka Azkaratek gidatuta. Pandemiak Mingainluzeren hamar bat urteko ibilbidea eten egin zuen, ordea. Urretxu eta Zumarragako udalek berreskuratzea erabaki dute. Asteazkenetik aurrera herritar guztiek parte hartu ahal izango dute, beraien etxeetan, mugikorrarekin edo ordenagailuarekin.
Martxoaren 15etik apirilaren 5era bitartean, asteazkenero jolas bana argitaratuko dute Urretxuko eta Zumarragako udaletako Euskara sailek Kahoot! aplikazioaren bidez. Herritarrek astebeteko epea izango dute beraien ezagutza maila eta trebetasuna neurtzeko. Bi udalerriei buruzko galderak ere izango dira tartean.
Mugikorretan zein ordenagailuz jolastu ahalko da. Mugikorretan, Kahoot! aplikazioan aste horretarako kodea sartuta, eta, ordenagailuan eta mugikorretan, kahoot.it webgunean kode bera sartuta. Asteazkenero kode berri bat zabalduko da bi udalen sare sozial eta webguneetan, aste horretan zehar jolastu ahal izateko.
Behin pandemia bukatutzat jota, urte honen hasieran, udaletako ordezkariek eta Gorka Azkaratek Mingainluzeren jarraipena izan zuten aztergai. Datorren udazkenean modu fisikoan itzuliko ote den aztergai dute oraindik, baina, bitartean, urte horietan guztietan Azkaratek egindako lana biltzea eta plazaratzea erabaki dute. Era horretara sortu da Mingainluzeren bertsio digital hau.
Labeagako Mingainluzerako egin ohi zuen bezala, Azkaratek askotariko gaiak ekarri ditu askotariko ariketetara. Astero, 20 bat ariketen bidez, norberak bera ezagutza maila eta trebetasuna neurtu ahal izango ditu. Beti bezala, Mingainluzek euskara, jolasa eta plazera lotu nahi ditu.