2022an jaiotako haurren gurasoek 30 zuhaitz berri landatu dituzte Ipar Haizea auzoaren inguruetan.
Urtero bezala, Zumarragako Udalak Zuhaitzaren Eguna antolatu du martxoaren 21ean mundu mailan ospatuko den Munduko Baso Egunarekin bat eginez. Zuhaitz Eguna 2030 agendako ekintzen barruan kokatuta dago eta udaleko ingurumen sailak antolatzen du. Urtero, aurreko urtean jaiotako haurren gurasoei egiten zaie, haien omenez, zuhaitz bana landatzeko gonbita. Aurten, 55 gonbidapen banatu dituzte guztira eta horietatik, 30 familiak hartu dute parte gaur goizean egindako landaketan. Urkiak eta astigarrak landatu dituzte.
Zumarragako Udaletik gogorarazi dutenez, “ingurumen-ekarpen handiko ekimena izateaz gain, ekintza sinboliko eta maitagarria ere bada, zuhaitz horiek bizitza irudikatzen baitute”, esan dute. Bide batez, Zuhaitz Eguna bezalako ekimenak baliatu nahi dituzte, herritarrei eta batez ere gazteei “berdeguneak mantentzeko eta handitzeko beharra dagoela” gogorarazteko.