Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaia Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako alkategaiekin batera, Legazpin izan zen ostiralean. Legazpiko Sidenor lantoki zaharreko obra lanak ikusi zituzten. SPRIk 90.882 metro koadroko azalera berrurbanizatu eta berrantolatzeko lanetan dihardu bertan.
Horra hor EH Bilduk igorritako prentsa oharra.
“Oro har, lurzorua ondasun urria da Gipuzkoan, eta are gehiago industria lurzorua, jarduera horietan azalera handiak behar baitira. Herrialdean oraindik lurzoru asko abandonatuta eta kutsatuta dago, gaur egun, 48.000.000 metro kuadro lurzoru daude potentzialki kutsatuta Gipuzkoan. EH Bilduren helburu nagusia azpiegitura industrial iraunkorrak sortzea da, jarduera ekonomikoetarako lurzoruak birgaituz, berroneratuz eta berreskuratuz. Horrela, kalitatezko behar beste azpiegitura izateko eta azken batean oinarri teknologikoa duten enpresa ekimenak sortu eta erakartzeko.
Legazpin kokatutako lurzoru hau berraprobetxatzeko moduan dagoen industria gune narriatu handienetako bat da, baina, ez bakarra, Zumarragan Arcelor enpresa kokatuta zegoen lurzoruak, SPRIk erosi duena, ia 100.000 metro koadroko hedadura dauka. SFPko lurzorua kontuan hartuta, 35 hektareatako azalera bat dugu erabilgarri Urola Garaian.
Gipuzkoan lur industrial eskasi handia dugula kontuan hartuta, zorrotzak izan beharko dugu etorkizunean emango diogun erabilera planifikatzeko garaian. Zumarraga eta Legazpin, Herri Antolamendurako Plan Orokorrak berrikusteko prozesuan gaude. Lankidetza publiko-pribatua ezinbestekoa izango da eremu industrial hauek egokiak izan daitezen industria eredu berri bat ezartzeko. Zentzu horretan, oso kezkaturik gaude Arcelorreko lurretan aldundiak eta Zumarragako udalak ezarri nahi duten erraustegiarekin. Osasun eta ekologia aldetik sortzen dizkigun zalantzez gain, akats estrategiko larria iruditzen zaigu, eremu horretatik enpresak uxatuko dituelako, Bergaran gertatu den bezala.
EH Bilduk gune hauetan industria aurreratu, jasangarri, teknologiko, sozial, berdintasunezko, erresiliente eta pertsonengan oinarritutako baten aldeko apustua egiten du. Industria eta, oro har, enpresa eredu berritzailea aldarrikatu behar dugu, langileen parte hartzea ardatz duena eta desarraigoari aurre egingo diona, enpresek herrialdean duten errotzea handitzeko politikak eta bitartekoak jarriz.
EH Bilduk apustu garbia egiten du eskualdez eskualdeko garapenaren alde, tokiko garapen endogenoa bultzatuz, eta horretarako berebiziko agenteak dira garapen agentziak. Aurrera begirako hausnarketa estrategikoa egitea ezinbestekoa da, garapen agentziek protagonismoa irabazi eta duten potentzialiatea behar bezala erabil dezaten, garapen agentziak baitira eskualdez eskualde ditugun beharrak hobekien ezagutzen dituztenak. Bide horretan, aldundiak bitarteko gehiago jarri beharko lituzke garapen agentzien esku, benetako protagonistak izan daitezen.
Guri dagokigun esparruan, Uggasarekin batera Gipuzkoan sustraitutako enpresa industrial aurreratuak eta traktoreak erakartzeko ahalegina egingo dugu, ekosistema industrial eta teknologikoa ezarriz. UGLELab I+G gunea ezartzeko eremu egokia izan daiteke eta gazteen bokazio zientifiko-teknologikoak lantzeko eta sustatzeko gune berriak ere sortu ahal dira. Formazioa, berrikuntza eta industria 5.0 aurreratu-berdea dira gakoetako batzuk.
Gure eskualdeko enpresen I+Gko finantziazioa handitzeko bulego eta aholkularitza tekniko espezifikoa sortzea proposatzen dugu. Enpresei produktuen dibertsifikazioan laguntzeko, produktu propioak ekoiztuko dituzten enpresak behar baititugu, metalurgia digital eta berdea ipar duen eredua bultzatuko dugu.
Arlo soziosanitarioari ere behar duen bultzada emateko unea dela uste dugu. UGLE, Uggasa eta bestelako eragile batzuekin elkarlanean eskualdea arlo soziosanitarioan garatzeko estrategia diseinatzea proposatzen dugu. Administrazio ezberdinen arteko elkarlanaren bidez eskualdean arlo soziosanitarioari lotutako zerbitzuak eta hori elikatuko duen formazio eskaintza eta enpresa proiektuak martxan jartzeko. Arlo soziosanitarioan ikertzen eta berritzen jarraitzea ezinbestekoa da, adimen artifizialak osasungintzan ematen dituen aukerak aztertuz eta garatuz”.