Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta PSE-EEren hautagaiak “entzute aktiboa” bultzatuko du, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkezteko erabiliko duen hauteskunde programa lantzeko, “herritarrei ahotsa eta protagonismoa emanez, haien kezkekin bat eginez eta eskaera zehatzak jasoz”.
Serranok prentsa ohar bat kaleratu du. Bertan, datorren hauteskundeei begira, sozialistek herritarren parte hartzea sustatuko dutela dio. Egitasmo horren helburua Zumarragarren ideiak beraien hauteskunde programaren abiapuntu izatea da. “Zumarraga guztion artean egiten baitugu, egunero, gure etxeetatik, gure kaleetatik, auzoetatik”.
Horretarako, hautagai sozialistak hainbat komunikazio bide irekiko ditu, Zumarragago herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Herritarren etxe guztietara inprimaki bat bidaliko dute. Zumarragarrek inprimaki hori bete ahal izango dute edo psezumarragaurretxu@gmail.com helbidera mezu elektronikoak bidali.
“Zumarragarentzat garrantzitsua den edozein ekimen, kezka, kexa, ideia edo iradokizun bertatik bertara ezagutu nahi dut, argi baitaukat zumarragarrak direla herriak behar duena ondoen ezagutzen dutenak. Zumarraga solidarioagoa, erresilienteagoa eta iraunkorragoa eraikitzen jarrai dezagun”, amaitu du Serranok.