Udal instalazioetako amiantoa 2028rako kentzea onartu dute
Zumarragako Udalak amiantoaren biktimen mozioa onartu du. Alderdi guztiek herrian dagoen amiantoa kentzea onartu dute. Osoko bilkuran amiantoaren biktimek parte hartu dute.
Amianto zuntzak xurgatzeak ondorio kaltegarriak ditu osasunean eta XX. mendeko bigarren erdialdean material hau asko erabili zen Euskal Herriko fabriketan. Gipuzkoa ehun mila biztanleko hildako gehien dituen Estatu espainiarreko bigarren lurraldea da. Beasain hildako gehien izan dituen bigarren herria da, Estatu mailan. Zumarragan ere badaude biktimak.
2002an amiantoa erabiltzea debekatu zen, baina oraindik eraikin publiko eta pribatu askotan instalatuta jarraitzen du. 1965etik 1985era erabili zen batez ere eta 40-50 urte ondoren degradatzen hasten da: zuntzak askatu egiten dira eta hautsa xurgatzeko arriskua dago.
Egindako bi ikerketen arabera, Europan 88.000 pertsona hiltzen dira urtero amiantoaren eraginez eta Estatu espainiarrean 130.000 pertsona hilko dira 2050. urtea heldu baino lehen.
Legearen arabera, apirilaren 9a baino lehen amiantoa duten instalazioen errolda egin behar da eta Zumarragako Udalak oraindik ez du egin.
Astearteko osoko bilkuran, errolda urriaren 1erako egitea, udal instalazioetako amiantoa 2028ko urtarrilaren 1erako kentzea eta Gizarte Zerbitzuek biktimei eta senitartekoei aholkularitza ematea eta laguntzea onartu zen. Rosa Maiza zinegotziak arkitektoa eta Ingurumen teknikaria gaia lantzen ari direla eta amiantoa Badiola lantegiaren pabiloietan bakarrik aurkitu dela esan zuen.