Ostiralean, 22:30ean, Martxoan Bertsoa taldekako txapelketako finala jokatuko da Urretxuko gaztetxean. Bertso Olariak, Botxan Magoa eta Bandolerok taldeek parte hartuko dute. Gogoz prestatzen ari dira.
Bi hamarkada pasa dira Urretxu eta Zumarragako bertso eskolako kideek Martxoan Bertsoa ekimena martxan jarri zutenetik. Helburua bertsozaletasuna suspertzea zen eta, ekitaldi berritzaile eta alaien eskutik, jendea erakartzea lortu zuten. Ordutik, bertsoa da martxoko protagonista bi herrietan. Hogei edizio hauetan hamaika ekitaldi antolatu dituzte, baina Martxoan Bertsoko ikurra taldekako txapelketa da. Urtero, tabernak eta gaztetxea bete egiten dira. Aurten ere hala izan da. Finala ostiral honetan jokatuko da, 22:30ean, Urretxuko gaztetxean.
Beti bezala, hiru taldek parte hartuko dute: Bertso Olariak (Lierni Ugarte, Ane Beloki eta Jone Narbaiza), Botxan Magoa (Mikel Iturriotz, Arkaitz Aizpuru eta Beñat Torres) eta Bandolerok (Martin Sagastibeltza, Jon Mendizabal eta Joseba Salegi). Gaztetxeak ez du Nafarroa Arenaren edo BECen handitasuna, baina giroa inon baino beroagoa da. Hiru taldeak txalo zaparrada beroenak eta barre algara ozenenak lortzeko borrokatuko dira.
Legazpiko sukaldariak
Legazpiko Bertso Olariak taldeko neskak sukaldariz mozorrotu dira argazkirako. Iazko errezetak garaipena eman zien eta aurten ere primerakoa prestatzen ari dira. Txapel txuria kendu eta beltza jantzi nahi dute.
Lehenengo kanporaketan parte hartu zuten, Aitube Berri tabernan. «Saioa oso ondo egon zen. Hirurok oso gustura aritu ginen. Taberna bete egin zen eta ikusleek gozatu egin zuten», aipatu du Belokik.
Bera ez da beste bi kanporaketetan egon, baina bere taldekideak bai. «Saio politak izan direla eta oso ondo pasa dutela esan didate». Finala ere primerakoa izatea espero du. «Bandolerok taldea iaztik ezagutzen dut, kanporaketan elkarrekin aritu baikinen. Botxan Magoa taldeari dagokionez, Mikelek eta Beñatek oso maila polita dute. Agurrarekin jendea gureganatzen saiatuko gara eta gero umoretik eusten saiatu», aurreratu du.
Kontuz Bandoleroekin
Bertso Olariak taldeko legazpiarrak astelehenean bertan elkartu ziren agurra prestatzeko. Beste bi taldeak ere gogor lan egiten ari dira. Bandolerok taldeak joan zen ostiralean lortu zuen finalerako txartela, Urola tabernan. Bandoleroek Hitzurde larrosak eta Xamuir taldeei finalerako txartela ostu zieten eta ostiralean ere altxorra etxera eraman nahi dute. Jon Mendizabal gustura dago orain arte egin duten lanarekin. «Hasieratik konfiantzarekin abestu genuen eta gure mailatik gora aritu ginen. Gure helburua beteta, finalera gozatzera joango gara».
Orain arteko hiru saioetan ere asko gozatu du. «Parte hartzaile berriak egon dira eta saioetara gazte asko inguratu dira. Maila polita egon da eta bertsolarien eta ikusleen arteko konplizitatea ere bai».
Magoak
Talde bakoitzak bere armak ditu. Botxan Magoak taldeko Mikel Iturriotz, Beñat Torres eta Arkaitz Aizpuru magia egiteko gai dira. Bigarren kanporaketan parte hartu zuten, Soraluze tabernan, Xelebrek eta Gorka ta konpainia taldeekin batera. «Hiru kanporaketetan tabernak bete egin dira. Oso pozik gaude», azaldu du Torresek.
Finala gogorra izango dela uste du. «Bertso Olariak iazko txapeldunak dira eta Bandolerok taldekoak oso ondo aritu ziren kanporaketan. Martxoan Bertsoko testuinguruan oso ondo moldatzen dira».