Josu Idigoras Egia da EAJren Zumarragako alkategaia. Hautagaiak azaldu duenez, “indarrez eta ilusioz” heltzen dion erronkari, eta Zumarraga “berpiztearen alde” lan egiteko konpromisoa hartu du. “Herria ahuldade momentu batean dago, urtetik urtera biztanleak galtzen ari da, aukera faltak eraginda”, azaldu du, errealitate honen aurrean udalak azaldu duen “ezintasuna” deitoratuz. “Zumarragak aldaketa behar du, etorkizuna bermatu eta aurrera egiteko. Eta horretarako, aukerarik onena Eusko Alderdi Jeltzalea da”, azpimarratu du.
Idigorasek enpresagintza ikasketak egin zituen eta urte askotan Ordiziako Sueskola Fundazioan ibili izan da lanean, administrazioa, kontabilitate eta finantza departamentuaren arduradun gisa. Aurretik, Urretxu-Zumarraga Ikastolako presidente izan zen bost urtez, eta gaur egun Suhiltzaileen Foru Zerbitzuko zuzendaria da.
Eskarmentua du udal kudeaketan eta ongi ezagutzen du barrutik Zumarragako Udala, azken hiru legealditan zinegotzi izan baita. Datozen asteetan aurkeztuko ditu bere hautagaitza osatuko duten pertsonak, eta baita bere hauteskunde programaren ardatzak ere.
Alkategaiak azaldu duenez, Zumarragak bizi duen egoeraren aurrean argi geratu da “errezeta zaharrek” ez dutela balio: “Jarduera industriala ia ezerezera murriztu da, eta langabezia Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik dago. Egoera honen aurrean, ordea, ez gaude errenditzeko prest, eta Zumarragarentzako etorkizun hobeagoa eraikitzeko grinak motibatzen gaitu”. Ondorioz, esan du ekonomiari lehentasun osoa emango diola, enpresak erakarri, industria berreskuratu eta kalitatezko enplegua sustatzeko.
“Ez gara promesa handien edo esaldi ponposoen lagunak, gure konpromisoa lana, lana eta lana da”, gehitu du Idigorasek. “Gogotik” egingo du lan Zumarraga “egungo geldialditik atera” eta “berriro ere edozeinek bere bizitza proiektua garatzeko leku erakargarri bilakatzeko”. Zumarragarrekin elkarlanean lan egingo duela esan du. “Herriko eragileei elkarlanerako eskua luzatuz, ziur nago lortuko dugula”, aipatu du. “Hamarkadetan euskal erakundeen buru egin dugun lana da gure abalik onena, fidagarritasuna eta eraginkortasuna erakutsi baititugu kudeaketan”, borobildu du.