144 jokalari, teknikari, zuzendari eta laguntzaile joango dira Lloret de Mar herrira
Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, Urola Eskubaloi Kluba Lloret Cupera itzuliko da. Kataluniako Lloret de Mar herrian antolatzen den nazioarteko txapelketa honen 12. edizioa izango da. Europako 60 klubek eta 800 jokalarik baino gehiagok parte hartuko dute. Larunbatetik apirilaren 6ra jokatuko da.
Espedizio horia 144 jokalari, teknikari, zuzendari eta laguntzailek osatuko dute. Larunbatean abiatuko dira, 05:00etan, Zumarragako geltoki intermodaletik.
Urretxu eta Zumarragako neska-mutilek Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako, Norvegiako, Lituaniako eta Bosnia eta Herzegovinako taldeei egingo diete aurre.
Kantxaratzen diren bakoitzean lehiatzea eta ahalik eta partida gehien irabaztea izaten da helburua, baina, horrelakoetan, lehiakortasunari beste helburu batzuk gehitzen zaizkio: klubeko kideen arteko harremanak indartzea, beste eskubaloi mota batzuk ezagutzea, jende berria ezagutzea eta lagunak egitea, dibertitzea, eta, ahal bada, gazteak eskubaloira gehiago lotzea.
Urolak urte asko daramatza txapelketa honetan parte hartzen. Horra hor 2012ko eta 2013ko edizioetan ateratako argazki batzuk.