Iñigo Agirrek (Zumarraga, 1961) erretiroa hartuko du uztailean. Legazpi kaleko harategia haren aitona Santosek ireki zuen eta ondoren aita Agustinek lan egin zuen bertan.
Nolatan harakin?
Ni hirugarren belaunaldikoa naiz. Lehenengoa nire aitona [Santos] izan zen eta ondoren nire aita [Agustin]. Beti hemen egon gara, baina ez dakit noiztik. Otamotz aldizkarian argitaratu zen 1933ko argazki batean aitonaren harategia ageri da.
Zure burua harategian lan egitera behartuta ikusi al zenuen?
Bost anaia-arreba gara eta ni bigarrena naiz. Gizonezkoen artean, zaharrena. Ez nuen nire burua behartuta ikusi, baina hemen beti lana egon da. Institututik jaisten ginenean, anai-arreba guztiok harategian laguntzen genuen. Batxilergoa bukatu nuenean soldadutza egin nuen eta ondoren irakasle-ikasketak egiteko izena eman nuen, baina harategian lan egiten gelditu nintzen.
Noiz hartu zenuen harategiko ardura?
1991 arte aitarekin lan egin nuen eta ordutik nire kasa lan egiten dut.
Harakin familia batekoa izanik, zure ofizioaren bilakaera primeran ezagutzen duzu. Asko aldatu al da?
Asko. Hemengo fabriketara lanera etortzen hasi zirenean, nire aitaren garaian, Urretxun eta Zumarragan harakin gutxi batzuk bakarrik zeuden: Otaegi, Aranburu, Arratibel, Mendizabal eta gu. Ekonomatoa eta Legazpi kooperatiba ere bazeuden, baina Eroskirik eta halakorik ez zegoen. Gainera, egun baino askoz ere haragi gehiago kontsumitzen zen. Garai hartako harakinek nahi zuten guztia saldu zuten. Egun, berriz, gazte jendeak ez du kozinatzen. Harategi klasikoek ez dute etorkizunik. Aurrez prestatutako jakiak saldu behar ditugu. Hor dago etorkizuna. Lana dago, baina haragiarekin batera aurrez prestatutako jakiak saltzen baditugu. Garai batean hiru txahal saltzen genituen astero eta egun, berriz, batekin pozik.
Etorkinek kontsumo ohiturak aldatu al zituzten?
Lanerako gogoarekin eta gose etorri ziren. Dirua irabazten hasi zirenean, haragi asko erosten zuten. Asko saltzen zen. Bertan jaiotakoek txahala jaten zuten batez ere eta etorkinek txerria jateko ohitura zuten. Extremaduran [Espainia], adibidez, txerria txahala baino gehiago jaten da.
Zergatik erabaki duzu erretiroa hartzea?
Oraindik ez dut erretiratzeko adinik, baina emaztea jubilatu egin zen eta bi alabak lanean ari dira dagoeneko. Osasunez ondo nago eta erretiroa hartzea erabaki dut. Negozioa alokatzeko edo saltzeko asmoa dut, baina zaila da. Gazteek ez dute harategietan, okindegietan, arrandegietan… lan egin nahi. Izan ere, lanbide lotuak dira. Ordu asko sartu behar da. Lana badago, baina gazteek ostiral arratsaldean etxera joan nahi dute. Eta hemen larunbatetan eta zubietan ere lan egin behar da.
«Nire aitaren garaiko harakinek nahi zuten haragi guztia saldu zuten»
«Lana badago, baina aurrez prestatutako jakiak ere saltzen baditugu»
«Lehen, hiru txahal saltzen genituen astero; egun, bat saltzen badugu, pozik
Zuk zeuk gustura lan egin al duzu?
Bai, baina mendira joatea asko gustatzen zait eta harategiak denbora asko kendu dit.
Gogorrena egutegia dela esan duzu. Eta gustagarriena?
Hemen ez dago aspertzerik. Lana badago. Eta jendearekin harremana oso aberasgarria da. Jende asko ezagutzen duzu. Lagun asko egin ditut.
Garai batean harategiko bezero guztiak emakumezkoak izango ziren.
Hala da. Garai batean emakumeak bakarrik etortzen ziren. Egun, gizonezko asko etortzen dira. Lehen gizonezkoak lotsatuta sartzen ziren eta egun harategian bost gizonezko elkartzea arrunta da.
Erosketa ohiturak ere asko aldatu direla esan duzu.
Lehen asteburuetan etxean bazkaltzen zen. Egun, gazteak astebururo kanpora joaten dira eta ogitarteko batzuekin nahikoa dute. Lehen asteburuetan oilasko asko saltzen ziren, ia etxe guztietan paella eta oilaskoa jaten baitzen. Egun, egindako oilaskoak bakarrik saltzen dira. Amonek bakarrik kozinatzen dute. Elkarteak beteta egoten dira, baina sukaldea hutsik. Aurrez prestatutako jakiak eramaten dituzte elkarteetara ere.
Hemendik aurrera zuk ere astebururo mendira joateko aukera izango duzu.
Sekulako gogoa dut: mendira joan, bizikletan ibili… Ez gara aspertuko.