Zumarragako Udalak zazpi urte daramatza azoka biziberritzeko egitasmoan lanean eta, pixkanaka, amaierara heltzen ari da. Gaur, baserritarren gune berritua, azokatik abiatzen diren hiru ibilbide eta Zumarragako historiarekin lotutako hiru pintxo aurkeztu ditu.
Azokako baserritarren guneari dagokionez, margotu eta apaindu egin dute eta baserritarrek postu berriak eta armairuak izango dituzte. Baita igogailua ere. Zutabeetan Zumarragarren historiarekin lotura duten apaingarriak jarri dituzte: Antio, trikitixa, trenbidea, saskigintza eta industria.
Ibilbideek 3-4 kilometro dituzte. Lehenengoak herrigunea du ardatz, bigarrenak industria eta hirugarrenak natura.
Ibilbide urbanoari dagokionez, Mendia etxetik, Itziar eskulturatik, zumearekin lan egiten zuten tokitik, Eitzatik, interpretazio zentrotik eta hilerritik pasatzen da, besteak beste.
Industria ondarea erakustea helburu duen ibilbidea La Salle-Legazpi ikastetxetik, Legazpi auzotik, Hiri Lorategitik, Legazpi dorretxetik eta Esteban Orbegozok irekitako lantegiko toki ezberdinetatik pasatzen da.
Hirugarren ibilbidea dagoeneko ezaguna da: Beloki mendiari buelta ematen diona da. Hiru ibilbideetan zutoin batzuk jarri dituzte, informazioarekin eta QR kodeekin.
Pintxoei dagokienez, Bidezar, Hirukia eta Saski tabernek prestatu dituzte. Asteburuetan eskatu ahal izango dira.
Hirukia tabernak industriarekin lotutako pintxoa prestatu du. Ogi txigortuaren gainean, tomatea eta antxoak jarri dituzte, besteak beste. Ozpin-olioak burdina irudikatzen du eta paraleloan jarritako bi antxoek trenbidea.
Saski tabernak ibilbide urbanoarekin lotutako pintxoa egin du. Saski bat egin dute, patatarekin. Barruan, untxi hanburgesa jarri dute eta gainean galeper arrautza.
Bidezar tabernakoek, berriz, Belokiko ibilbidearekin lotutako pintxoa prestatu dute: algak (zelaiak), espinaka (goroldioa), mendrezka (Antioko teilak), Idiazabal gazta pipeta (baserriak), erremolatxa (egunsentia eta ilunabarra Antion) eta hur hautsa (udazkeneko hostoak) ditu.
Aurkezpena Rosa Maiza zinegotziak gidatu du, Mikel Serrano alkatea Madrilen baitago, udalerrien federazioko bilera batean. Azokako ekitaldian Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak eta Elena Moreno Merkataritza zuzendariak parte hartu dute, besteak beste.
Solanak udalaren lana txalotu du. «Eskaintza zabala eta erakargarria prestatu behar da eta sinergia bultzatu behar da. Zumarragan hori egin da. Azoka abiapuntu duten ibilbideekin eta pintxoekin mota ezberdinetako turismoa (kulturala, industriala, gastronomikoa…) bultzatzen da eta turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren arteko sinergia sustatzen da. Hau guztia Eusko Jaurlaritzaren politikarekin bat dator».