ArcelorMittal enpresaren ijezketa sekzioa zegoen tokian (txatarra parkearen parean, argazkian gorriz), plastikoa birziklatzeko planta egingo dute Zumarragan. Obra aurten hastea espero dute eta lantegia obra hasi eta urtebetera martxan jarriko da.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa gin dute gaur egitasmoa aurkezteko. Asensiok aldundiak lau milioiko inbertsioa egingo duela eta bertan lan egingo duten enpresek 80 milioiko inbertsioa egingo dutela esan du.
Lantegian mekanikoko birziklatzerik ez dagoen plastikoa (totalaren %36) birziklatuko dela gehitu du. “Zumarragako plantak urtean 40.000 tona birziklatzeko ahalmena izango du. Industrian erabiltzen diren plastikoak ere ekarriko dira bertara. Printzipioz, plastiko guztia Gipuzkoatik etorriko da”, azaldu du.
Mekanikoki birziklatzerik ez dagoen plastiko hori birziklatu ahal izateko krakatze teknika erabiliko da. Krakatzean, beroa eta presioa erabiltzen dira. “Krakatzearen bitartez Tacoil izeneko produktua lortuko dugu. Petrolioaren ordezko bat da. Olio horrekin berriro plastikoa egin ahal izango da”.
Serranok Goierri garaiko Plasnor eta Urola plastiko enpresek olio hori erabiltzeko interesa azaldu dutela gehitu du.
Plastikoa birziklatzeko plantak zuzeneko 50 enplegu eta zeharkako 90 sortuko dituela aipatu dute.
Asensiok eta Serranok ArcelorMittal enpresa zegoen tokian plastikoaren ekonomia zirkularraren berrikuntza poloa sortuko dela eta lehenengo enpresa horren atzetik beste batzuk etorriko direla aurreratu dute. “Urola Garaiko Lanbide Eskolaren bidez, gazteak ekonomia zirkular horretan trebatu ahal izango ditugu, kontzientzia berde eta iraunkorrarekin”, amaitu du Serranok.