Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru erreiko hiru zati egin behar ditu GI-631 (Urretxu-Azkoitia) errepidean. Lehena apirilaren amaieran edo maiatzeko lehen hamabostaldian irekitzea espero dute. 1,3 kilometroko zati berriak aurreratzeko bi tarte izango ditu, segurtasuna eta erosotasuna handitzeko.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Ana Azkoitia Azkoitiko zinegotziak obra bisitatu dute gaur.
Oiarbidek hiru zatien aurrekontua 50 milioikoa dela gogoratu du. Bigarrenaren proiektua idatzita dago jada. Obra “estrategikoa” dela gehitu du. “Eskualdeen garapen eta kohesioarekin dugun konpromiso sendoaren erakuslea da. Obra honekin Urola ibarreko biztanleen aldarrikapen historiko bati erantzungo diogu”.
Egitasmo garrantzitsua da. “Obra zaila izan da, GI-631 errepideak jasaten duen trafikoa dela eta. Izan ere, 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute errepide hori egunero. Ibilgailu horien %10 baino gehiago astunak dira. 13 kilometro horiek berebiziko garrantzia dute milaka gidari horientzat. Obra honi esker, segurtasuna eta erosotasuna hobetuko dituzte. Errepide sare erosoa, modernoa eta segurua izatea ere funtsezkoa da gure industriarentzat eta egunero bidaiatzen duten langile guztientzat”.
Zubizarretak GI-631 errepidea azkoitiarrek ospitalera joateko erabiltzen dutena dela gogoratu du. Gainera, Azkoitia Gipuzkoako biribilgunearekin lotzen duen errepidea da. “Protokoloa dela eta, gaur ezin dut salto egin. Baina obra guztiz bukatzen denean dagoeneko ez naiz karguan izango eta pozez salto egingo dut”.
Luqui ere oso pozik azaldu zen. Zubizarretari eskerrak eman zizkion, egitasmoa aurrera ateratzeko egindako lanagatik. “Errepide honek Urretxu, Zumarraga eta Legazpi Urola Erdiko herriekin lotzen ditu. Errepide handiak garrantzitsuak dira, baina hau ere bai. Ospitalera joateko beharrezkoa da, baina jarduera ekonomikorako ere oso garrantzitsua da. Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei eduki duten pazientziagatik. Abisu sistemak oso ondo funtzionatu du eta ez dugu kexarik jaso”.