Urretxun 1.550 adineko bizi dira eta horietako askok bakardade egoerak eragin ditzaketen arrisku faktoreak dituzte: bakarrik bizitzea, osasun edo mugikortasun arazoak izatea, etxebizitza ez irisgarriak, laguntza sareen murrizketa… Hori dela eta, Urretxuko Udalak eta Adinkide elkarteak bakardadea sentitzen dutenekin egoteko boluntario taldea martxan jarriko dute.
Aurkezpen ekitaldian Maialen Fidalgo Gizarte Ekintzako zinegotziak, Josune Toquero Urretxuko Adinkideko arduradunak eta Mercedes Villegas Adinkideko zuzendariak parte hartu dute.
Adinkide boluntariotzako erakunde bat da, irabazi asmorik gabekoa. 2017az geroztik, konpainia, afektua, elkarrekiko laguntza eta adiskidetasuna eskaintzen dizkie Gipuzkoan bakardade arriskuan edo egoeran dauden adineko pertsonei. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Donostia, Lasarte-Oria, Tolosa eta Pasaian 100 adineko pertsona inguru artatzen ditu. Adinkidek herritarren parte hartzea eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatuko duen tresna izan nahi du.
Toquerok boluntario taldearen sorrera bultzatuko du. Udalaren eta herriko eragileen laguntzarekin bakardadea sentitzen duten edo gizartean aktibo mantendu nahi duten adinekoak detektatuko ditu. Ondoren, guztiak bisitatuko ditu, beraien etxeetan zein egoitzetan, haien behar afektiboak eta lehentasunak aurrez aurre ezagutzeko eta horiei egokitutako erantzuna eskaintzeko.
Adinkideko boluntarioa izateko, adinez nagusia izan behar da eta informazio saio batean izena eman behar da. Ondoren, elkarrizketa pertsonala egiten da. Lehenengo informazio saioak apirilaren 12an (12:00-13:00) eta 13an (18:30-19:30) izango dira. Online egingo dituzte (Zoom bidez). Saio horietan, Adinkide elkarteari eta bere boluntariotza programei buruzko informazioa emango da. Saio horietan izena emateko edo informazio gehiago lortzeko, urretxu@adinkide.org helbide elektronikora idatzi behar da edo 607 612 460 telefono zenbakira deitu.
Boluntarioek adineko pertsonekin denbora eta adiskidetasuna partekatuko dute, Adinkidek antolatzen dituen banakako eta taldeko topaketetan: meriendak, ibilaldi osasungarriak, kultur ekitaldiak, jaiak…