Marijo Garcia ile-apaintzaile zumarragarrak Donostian lan egin du azken 36 urteetan. Bertako ile-apaindegia utzi eta herrira itzultzea erabaki du. Gure-Txoko jubilatuen egoitzako ile-apaindegia hartu du.
Zumarragako jubilatuak zorioneko dira: Marijo Garcia ile-apaintzaile zumarragarrak Donostiako ile-apaindegia utzi eta Gure-Txoko jubilatuen egoitzako ile-apaindegia hartzea erabaki du.
Garciak Bergaran ikasi zuen ofizioa. «Institututik atera nintzenean, Bergarara joan nintzen ikastera. Handik, Donostiara joan nintzen. Bertan egin nituen praktikak, hainbat ile-apaindegitan. Uda batean Joseren ile-apaindegian lan egiten hasi nintzen, Elkano kalean, eta bertan gelditu nintzen. Oso ile-apaindegi ederra zen. Josek utzi zuenean, Maite bere langileak hartu zuen. Maitek erretiroa hartu zuenean, duela 12 urte, nik hartu nuen. Izena aldatu nion: MJ jarri nion nire izena Marijo delako, baina Maite eta Joseren inizialak ere badira. 36 urte eman ditut bertan, guztira».
Oso gustura lan egin du Donostian, baina herrira itzultzea erabaki du. «Jubilatuen egoitzako ile-apaindegia esleitu behar zutela jakin nuenean, beharbada itzultzeko garaia zela pentsatu nuen. Izan ere, duela 36 urte hemen lan egiteko zorian izan nintzen. Jubilatuen egoitzan ile-apaintzailea behar zuten eta amak nire izena eman zuen. Hartu egin ninduten, baina ez nintzen gelditu. Ordurako
Donostian lan egiten nuen eta 20 urteko neska batentzat Donostian lan egitea erakargarriagoa da».
Joan-etorriekin nekatuta
Zumarragako jubilatuen egoitzan bukatuko du bere lan ibilbidea. «Iragarkia ikusi nuenean, ama zenaz gogoratu nintzen: etxera itzultzea nahi du!, pentsatu nuen… eta hemen nago! Egia esan, Donostian oso gustura nengoen, baina bizi kalitatea irabazi dut. Urte asko neramatzan egunero Donostiara joaten eta nekatuta nengoen. Atzenerako, larunbatetan Donostiara joatea oso gogorra egiten zitzaidan».
Donostiako bezeroei agur esan behar izatea gogorra egin zaio, noski. «Pena handia eman dit, noski, bezero zoragarriak bainituen. Baina hemen ere oso pozik nago. Ez nuen espero jubilatuen egoitza horren toki alaia izatea. Jendea oso dinamikoa da. Izugarria da. Yoga, ingelesa, euskara, memoria, dantza… lantzen dituzte. Primerako osasuna dute, gainera».
Donostiako eta Zumarragako bezeroen artean ez dagoela alde handirik dio. «Donostiako ile-apaindegira ere adineko emakumeak joaten ziren, batez ere. Donostiako erdialdean adineko jende asko bizi da eta, gainera, 60 urtetik gorakoak dira ile-apaindegira astero joaten direnak. Neskak gutxi joaten dira, hiru hilean behin bakarrik. Denek ile luzea eramaten dute».
Ile-apaindegia bera, primerakoa dela dio. Izan ere, Zumarragako Udalak duela oso urte gutxi berritu zuen jubilatuen egoitza. «Oso ile-apaindegi polita da», dio Garciak.
Bezeroen artean gizonezko batzuk ere baditu. «Kosta egin zitzaien sartzea, baina dagoeneko gizonezkoak ere etortzen dira. Horiek ere oso jatorrak dira».
Zumarragarrak modernoagoak
Donostiarrak zumarragarrak baino modernoagoak direla pentsa daiteke, baina ez da hala. «Han hemen baino klasikoagoak direla esango nuen. Esan bezala, Zumarragako jubilatuen egoitzara etortzen direnak oso aktiboak eta dinamikoak dira. Gauzak nahiko argi dituzte, baina aholkatzen uzten didate. Bost urte kendu behar diedala esaten diet eta hamar kentzeko esaten didate. Oso giro ona dugu».
Adinekoekin lan egitea gazteekin lan egitea baino errazagoa dela dio. «Adinekoek gauzak oso argi dituzte. Gazteek ez dakite zer nahi duten. Dena den, nor da adinekoa? 65 urtetik gorakoak? Gehienak osasunez primeran daude!». Zumarragako Gure-Txoko jubilatuen egoitzako ile-apaindegira nahi duten jubilatu eta pentsiodun guztiek jo dezakete. «Legazpiko jendea ere etortzen da. Donostiako ile-apaindegian nituen bezeroetako batzuk ere etorri dira. Asko poztu nau».