Bere lehen garaipena da afizionatu mailan
Nicolas Alustiza zumarragarrak Eusebio Velez-Mendiz Sari Nagusia lasterketa irabazi zuen atzo Duranan (Araba). Laboral Kutxako txirrindularia Edgar Cadenasi nagusitu zitzaion helmugan. Azkeneko kilometroak elkarrekin egin zituzten. Garaipen horri esker, Alustiza zortzigarren postura igo da Euskaldun txapelketan. Alex Diaz urretxuarra hamargarren postuan ageri da.
Alustizaren lehen garaipena izan da afizionatu mailan eta oso pozik ageri da. “Bigarren urtea dut afizionatu mailan eta lehen garaipena izan da. Ez nuen irabaztea espero, baina geroz eta hobeto nago, gozatzen ari naiz, eta banekien emaitzak helduko zirela”.
Ez zen berarentzako moduko ibilbidea, baina nagusitzea lortu zuen. “Ibilbidea ez zen nik nahi bezain gogorra, Arlaban bakarrik igo baikenuen. Arlaban ez da gogorra, baina hiru aldiz igo genuen eta hirugarren igoera gogorra egin zen. Hor alde egin genuen”.
Bere hurrengo erronka Legazpiko Santikutz proba da. “Oso motibatuta nago. Eibarko Balentziaga proban onenak ez direla gu baino gehiago ikusi nuen eta aurrean egoten saiatuko naiz. Oso lasterketa gogorra izango da, 170 kilometrokoa baita. Faborito nagusietako bat Iker Mintegi nire taldekidea izango da. Berarengandik gertu egoten saiatuko naiz, berari laguntzeko eta nire aukerak baliatzeko. Lasterketa berezia izango da, ibilbidea oso ondo ezagutzen baitut eta senitartekoak animatzen egongo baitira”.
Horra hor atzoko lasterketako bideoa.