Urretxuko Udalak ‘pump track’ izenarekin ezagutzen den bizikleta eta patineteentzako zirkuitua egin du Matxinportan. Arrakasta handia izan du eta egunero haur asko elkartzen dira bertan.

Aurtengo Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da eta antolatzaileak aspalditik ari dira esaten sekulako festa izango dela. Ez dago uztailera arte itxaron beharrik, ordea, bizikleta festaz gozatzeko. Urretxun egunero dute bizikleta festa: udalak pump track izenez ezagutzen den bizikleta eta patineteentzako zirkuitua egin du Matxinportan eta sekulako arrakasta izan du. Egunero, argitzen duenetik ondo ilundu arte, dozenaka haur elkartzen dira bertan.
Urretxuko Udalak 137.000 euroko inbertsioa egin du. Pump trackak bi pista ditu: bata 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago eta bestea, helduei. Gainera, etorkizunean zailtasun handiagoko hirugarren zirkuitu bat egiteko aukera dago, Urretxuko Udalak horretarako tokia utzi baitu.
Urretxuko Udalak Berriotxoarena bezala ezagutzen den lursailean egin du bizikleta eta patineteentzako zirkuitua. Gaztetxoekin bilera egin zuen zirkuitua diseinatzeko orduan eta erabiltzaileak pump tracka noiz irekiko zain zeuden.
Hala, obra amaitu aurretik hasi ziren zirkuitua erabiltzen: bertara heltzeko errepidea zeharkatu behar da eta zebrabidea margotu gabe zegoen oraindik eta farolak jarri gabe zeuden. Lehenengo egunetan udaltzaingoa bertaratu behar izan zen, haurrak eta gaztetxoak apur bat lasaitzera.
Egunero haur asko ikus daitezke bizikleta eta patinete gainean, herrigunetik Matxinportara bidean. Pump tracka Urretxuko eta Zumarragako haur eta gaztetxoen topagune nagusietako bat bilakatu da dagoeneko.
Hori dela eta, zenbait bizilagunek hainbat hobekuntza proposatu dituzte Urretxuko eta Zumarragako Facebook kontuan. Aulkiak eta iturria jartzea eta bidegorria eta pump tracka zubi baten bidez lotzea, adibidez. Izan ere, haur asko errepidetik joaten dira bertara.
Urretxuko Udaletik iturria eta mahaiak proiektuan jasota daudela eta mahaiak eskatuta daudela azaldu dute. “Mahaiak heldu bezain laister, mahaiak eta iturria jarriko ditugu. Errepidearen gaia ere aztertzen ari gara. Sarrera aldatu egingo dugu”, esan du.