Zumarragako Udalak 513.000 euroko diru-laguntza jasoko du, Jai Alai kalea oinezkoentzat erosoagoa eta seguruagoa egiteko

Espainiako Udalerrien Federazioak 513.679 euroko diru-laguntza emango dio Zumarragako Udalari Jai Alai kalea oinezkoentzat erosoagoa eta seguruagoa egiteko. Aurrekontua 527.783 eurokoa da.
Laguntzarekin ia obra osoa ordainduko da, beraz. Zelai Arizti aretoaren aldean espaloi zabal bat egingo da. Errepidearen maila berean egongo da, baina beste kolore bat izango du. Seguru aski, plazan jarri diren baldosa berberak jarriko dira. Autoei dagokienez, Zelai Ariztiko aparkalekura eta garajeetara doazenak bakarrik sartu ahal izango dira Jai Alai kalera. Gainera, karga eta deskargarako puntuak jarriko dira, autoak oinezkoen tokian sar ez daitezen.
Zumarragak Hiri Osasungarrien Sarearekin bat egin du eta horren eskutik jasoko du diru-laguntza: oinezkoentzako toki seguruagoak lortzearen truke. Dirua Europako funtsetatik helduko da. Euskal Herria 29-35eko irisgarritasuna hobetzeko eta GI-2632 errepidea bulebarizatzeko laguntzak ere eskatu dira, baina ez dira lortu.