Nerea Ibartzabal (Markina-Xemein, 1994) irakurle taldeko kideekin elkartuko da gaur. ‘Bar Gloria’ liburuari buruz hitz egingo dute, 19:00etan, Urretxuko kultur etxean.
Nolatan idatzi zenuen Bar Gloria liburua?
Istorioa, lauso bada ere, buruan nuen. 2020an kultura laguntzetarako bekara aurkeztu nuen eta beka hori jasotzeak istorio hori barrutik ateratzera jarri ninduen.
Zure amak familiaren Isabel tabernan lan egin zuen. Liburuan tabernak eta emakumeek garrantzi handia dute.
Liburukoak bezalako pertsona asko ezagutu ditut, bai etxean eta bai inguruan. Gertutik ikusi dut ostalari lanaren gogortasuna. Pertsona horien bizipenei erreparatu nahi nien. Tabernari izandako emakume asko oso modu prekarioan iritsi dira jubilatzeko adinera. Horrek barruan krak egiten zidan.
Espero al zenuen liburuak halako arrakasta edukitzea?
Egia esan, ez. Liburua argitaratu ondorengo inpaktuan gehiegi ez pentsatzen saiatu nintzen. Zerbait idazten horrenbeste denbora pasatzen duzunean, zure parte bezala bizi duzu. Kaleratzeak eta jendearen eskuetan imajinatzeak, jende horrek guztiak bere iritzia edukitzeak, bertigo dezente ematen du. Beldur hori guztia izanda, oso ondo pasatzen ari naiz irakurle taldeen saioetan. Liburua beste begi batzuetatik irakurtzen ari naiz. Liburuari buruz jendearen irakurketatik hitz egiten ikasten ari naiz, ez bakarrik nire idazketatik.
«Tabernari izandako emakume asko oso modu prekarioan iritsi dira jubilaziora»
Amaren herrira etortzeak ilusioa egiten al dizu?
Bai, noski. Jende asko ezagutzen dut, nire haurtzaroaren zati bat Urretxun pasa nuen… Zumarragako ospitalean jaio nintzen, Urretxun bizi izan nintzen eta Urretxu-Zumarraga ikastolan eman nituen eskolako lehen urteak. Osaba-izeba asko ditut bertan. Niretzat, familiaren herria Urretxu-Zumarraga da. Beti joaten naiz gustura bertara. Inoiz ez naiz liburu baten aitzakian joan pozik joango naiz.
Urretxun eta Zumarraga bizi izandako urteen oroitzapenik gordetzen al duzu?
Ikastolakook arrantzalez jantzita kalejira bat egin genuela gogoratzen dut. Hurrengo urteetako oroitzapen gehiago gordetzen ditut: Santa Lutzi feria, karrozak, santaisabelak… Nire bigarren herria da.
Noizean behin etortzen zara, beraz.
Gabonetan, urtero. Urtean zehar, nahi baino gutxiago.
Zertan zabiltza? Beste liburu bat idazteko asmorik ba al duzu?
Oraindik ez. Bertsotan ari naiz, batez ere. Udaberrian plazak ugaritzen hasten dira. Astegunetan, berriz, irakurle taldeekin elkartzen naiz. Txapelketan zehar ezin izan nintzen beraiekin elkartu eta udaberrian ditut pilatuta. Herriz herri nabil, oso gustura.
Txapelketa Nagusiko finalean abestu izanak saio gehiago ekarri al dizkizu?
Bizkaiko txapelarekin nabaritu nuen hori, batez ere. Bizkaian eta Gipuzkoan saio asko nituen.
Finalaren ondoren, Nafarroatik eta Iparraldetik gehiago deitzen ari dira.