Ostegunean Eustaquio Berriotxoa urretxuarrak Rif-eko gerran ateratako argazkien erakusketa inauguratuko dute
Ekitaldian Joseba Sarrionandiak eta Antton Valverdek parte hartuko dute, besteak beste
Ostegunean, 19:00etan, Rif-eko gerran ateratako argazkien erakusketa irekiko dute Urretxuko Pagoeta gune soziokulturalean. Lehenengoz erakutsiko dira Eustaquio Berriotxoa urretxuarrak duela mendebete Rif-eko gerran atera zituen argazkiak. Erakusketa maiatzaren 14a arte egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.
Berriotxoaren argazkiak balio handikoak dira eta erakusketaren irekierarako ere maila handiko ekitaldia antolatu dute. Hitza hartzen lehena Juantxo Egaña izango da, erakusketaren komisarioa. Karlos Zurutuza gerra kazetariak eta Joseba Sarrionandia idazleak ere parte hartuko dute. Beraiek argazkien inguruko testuak idatzi dituzte. Rif-eko gerrari buruz hitz egingo dute. Afrika iparraldeko gerra kolonial hartan euskaldun asko hil ziren eta 1936ko gerraren ernamuina izan zen.
Musika emanaldia ere egingo dute. Joxan Goikoetxeak ikuskizun bat sortu du ekitaldi honetarako, Antton Valverde, Asya Zayzoui, Eñaut Agirre eta Unai Agirrerekin batera. Zayzoui Rif-ekoa da eta Abarranen kantua abestuko du, amazigh hizkuntzan. Rif-eko gerrari buruzko kanta epikoa da.
Ekitaldian Ricardo Ugarte artistak eta Clemente Bernard eta Andoni Berriotxoa argazkilariek ere parte hartuko dute. Azken hau Eustaquio Berriotxoaren birbiloba da. Berak berreskuratu eta zaharberritu zituen erakusketako argazkiak.