Urretxuko EH Bilduk udal hauteskundeetarako programa aurkeztu du gaur arratsaldean koalizioaren egoitzan. Ekitaldian Jon Altolagirre alkategaiak eta zerrendako hurrengo bostek parte hartu dute: Julen Azpeitia, Amaia Galvez, Nekane Oruesagasti, Ricardo Babarro eta Nerea Gabirondok.
Hasteko Altolagirrek egoeraren diagnostikoa egin du. Urretxu bizitzeko herri atsegina dela eta herrigintzan eskarmentua duela esan du, baina hainbat arazo ikusten dituztela ere aipatu du: urretxuarren %80ak herritik kanpo lan egiten duela, herriak erakargarritasuna galdu duela, langabezia tasa Gipuzkoakoa baino altuagoa dela, azken urteetan industriaren gainbehera eman dela, ikerkuntza, garapen eta berrikuntzan inbertsioa falta dela, zerbitzu publikoen desegitea (Osakidetza, osasun mentaleko zentroko adin txikikoen zerbitzua…), biztanleriaren zahartzea, bizitzaren garestitzea, menpekkotasun energetikoa, euskararen transmisioan arazoak…
Urretxuko hobetzeko tarte handia dagoela gehitu du. “Bizi baldintzak hobetu nahi ditugu. Europako aurreratuenen pare jartzeko potentzialitatea dugula uste dugu”. Helburu horrekin diseinatu dute herri programa, eragileekin eta bizilagunekin elkarlanean. Gaur Urretxuri dagozkion proiektuak aurkeztu dituzte. Hurrengo egunetan, Zumarragarekin landu beharrekoak eta mankomunitate mailakoak aurkeztu dituzte.
Biharko osoko bilkuran udalaren eta ikastolaren arteko akordioaz hitz egingo da. Akordio horren arabera, udalak Aldiri Bi kiroldegia egingo du ikastolaren futbol zelaian. Altolagirrek aukera bikaina dela esan du. Gabirondok berri zehatzagoa eman du. “Kirol guneen beharra dugu. Aldiri Bi diseinatzeko proiektua martxan jarri nahi dugu, eragileekin. Beharrak aztertu nahi ditugu: rokodromoa, padel pistak, bestelako kirolak egiteko gelak… Aldiri Bi igerilekuaren ondoan egongo da eta kirol gune berria eta osatua izango da. Gainera, instalazioak deszentralizatzeko balioko du. Pagoeta auzora heltzeko”.
Galvezek gizarte zerbitzuez hitz egin du. “Zaintza politikaren erdigunean jarri nahi dugu. Zerbitzu gehiago eskaini eta belaunaldi ezberdinen arteko hartuemana bultzatuko duten etxebizitzak eskaini. Etxez etxeko zerbitzua indartu eta zaintzaileak zaindu. Usurbilen, Errenterian eta Azpeitian belaunaldi ezberdinekoentzako etxeak egin dituzte. Hori egin nahi dugu, Elgearen lantegia dagoen lursailean. Helburua adinekoen bakardadea saihestea eta gazteen emantzipazioa bultzatzea da. Baita alde zaharra biziberritzea ere. Gizarte kohesioa ardatz izango duen parte hartze prozesu bat bultzatu nahi dugu”.
Babarrok kulturari buruz hitz egin du. “Kultura funtsezkoa da. Are gehiago gure kasuna, euskara dela eta. Kultur azpiegiturak aztertuko ditugu, gabeziak eta indarguneak detektatzeko. Kultur eragileekin lan egingo dugu. Pagoeta gune soziokulturalaren ondoan Aspaceren eguneko zentroa, etxe tutelatuak, emakumeen etxea, Aldiri Bi kiroldegia eta ikastola izango ditugu. Hori dela eta, gune soziokulturala lankidetzarako eta sormenerako oso gune egokia izango da. Eta Pagoeta auzoarentzat pizgarria. Potentzial handiko eremua da. Eskualdean erreferentea izan daiteke eta modu asoziatiboan lan egitea ekar dezake”.
Industriarekin lotutako egitasmoak ere badituzte. Altolagirrek eman du horien berri. “Industria aurreratua nahi dugu. Urretxu industria herria izan da eta jauzi kualitatiboa eman nahi dugu, indarra berreskuratu. Irimon eta Kaminpen lur degradatua dugu eta kalitatezko lanpostuak, teknologia eta dibertsifikazioa nahi ditugu. 5.0 industria, alegia. Ez balio erantsi gutxiko aktibitateak. Horretarako, Uggasarekin lan egingo dugu. Eta Schwarzenbruck-ekin dugun harremana ere baliatu beharra dugu. Izan ere, Schwarzenbruck Bavarian dago eta bertan inon baino gehiago inbertitzen duten ikerketa, garapen eta berrikuntzan. Horretaz gain, eskualdeko eragileekin lan egin behar dugu”.
Azpeitiak merkataritzaz hitz egin du. “Ostalaritzak eta merkataritzak pisu handia izan dute Urretxuren dinamismoan, baina beherakada izan dute. Ipeñarrieta eta alde zaharra berreskuratu nahi ditugu. Erosketa bonuekin ez da nahikoa. Bi-Tarteanekin lan egin behar dugu bertako dendetan erosteko plana bultzatzeko”.
Oruesagastik uraren gaia aipatu du. “Uraren kudeaketa enpresa pribatu baten esku egotea anomalia da. Uraren batzordea sortu nahi dugu, eredu ezberdinak ezagutzeko eta kudeaketa publikoa berreskuratzeko. Kontsentsua lortu nahi dugu alderdi eta eragileekin. Helburua herritarrek gutxiago ordaintzea da”.
Bukatzeko, Azpeitiak gazteen arazoez hitz egin du. “Euskal Herrian gazteak Europan baino beranduago emantzipatzen dira. Gazteon egoera zaurgarriari aurre egiteko neurriak hartu nahi ditugu. Politika aktiboagoa egin eta alokairuzko etxebizitzen eskaintza bultzatu”.