Helburua lortzetik gertu daudela diote. “Negoziazio prozesu honetan azken urteotan bizi izan dugun blokeo egoeraren ondoren, une erabakigarri batera iritsi garela uste dugu. Joan den urtearen amaieran bitartekaritzaren bidea jorratu genuen: Osakidetzak bitartekari bat izendatu zuen, zalantza asko sortzen dituen proposamen labur eta eskasa helaraztera mugatu dena. Gainera, duela bi hilabetetik ez dugu haren berririk, eta, beraz, bitartekaritzaren bidea agortuta dagoela uste dugu. Martxoaren amaieran Eusko Jaurlaritzako Lan sailaren atea jo genuen, eta orain arte sailburuordearekin izandako bi bileren ondoren, elkar ulertzeko aukera bat ireki dela esan dezakegu. Aurrera egiteko borondatea dagoela uste dugu, eta sailburuordetza bideratzaile gisa jokatzen ari da”.
Ate hori borrokari esker ireki dela uste dute. “Argi daukagu aukera berri hau ez zela suertatuko borroka egin izan ez bagenu eta azken aste eta hilabete hauetan egin dugun bezala mobilizatu izan ez bagina. Egindako ahaleginak, greba deialdiekin, egindako mobilizazio ugariekin, eta erakutsitako ausardiak eta kemenak ekarri gaituzte agertoki berri honetara. Ez dakigu zer emango duen bide honek, baina ziur gaude orain dela garaia gure onena emateko, enpresen eta Osakidetzako zuzendaritzaren borondatea baldintzatu eta makurrarazteko. Hurrengo asteak erabakigarriak izango dira eta oraingo eta etorkizuneko lan baldintzak jokoan egongo dira. Zehazki, homologazio printzipioa eta horrek dakarren guztia: Osakidetzak etorkizunean deituko dituen garapen profesionaleko deialdietara sartzeko aukera, aurreko deialdietatik sortutako atzerapenak kobratzea, Osakidetzako langileei aplikatzekoak zaizkien gai guztiak aplikatzea eta egokitzea”.