20:00etatik 08:00etara egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute
Urretxuko Udalak San Martinen eta Barrenkalen ere TAO jarriko du. Egun zehatza behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko da komunikabideetan eta udalaren sare sozialetan. Kolore gorriz margotutako eremuan, 20:00etatik 08:00etara bitartean, egoiliar txartela duten bizilagunek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Eguneko gainerako orduetan, berriz, egoiliarrak ez direnek ere aparkatu ahal izango dute, mugarik gabe. Horretarako, zerbitzua martxan jarri aurretik, udalak egoiliar bineta bat emango die doan egoiliarrei. Datozen bi hilabeteetan, maiatzean eta ekainean, egoiliarrentzako binetak eskatu eta entregatuko dira. Ordenantza indarrean jartzen denerako, egoiliarrek binetak izango dituzte. Datozen egunetan udala egoiliarrekin harremanetan jarriko da (atarietan jarriko dituzten bandoen edo antzeko oharren bitartez) eta bertan jakinaraziko die noiz joan daitezkeen udaletxera binetak eskatzera.