Atzo, Rif-eko gerran ateratako argazkien erakusketa ireki zuten Urretxuko Pagoeta gune soziokulturalean. Lehenengoz, Eustaquio Berriotxoa urretxuarrak duela mende bete Rif-eko gerran atera zituen argazkiak ikusgai jarri dira. Argazkiak Andoni Berriotxoak, Eustaquioren birbilobak, berreskuratu eta zaharberritu ditu. Erakusketa maiatzaren 14a arte egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.
Afrika iparraldeko gerra kolonial hartan euskaldun asko hil ziren eta 1936ko gerraren ernamuina izan zen. Atzoko ekitaldian Berriotxoaren lanari eta Rif-eko gerrari buruz hitz egiteaz gain, musika emanaldia egin zuten. Joxan Goikoetxea, Antton Valverde, Asya Zayzoui, Eñaut Agirre eta Unai Agirrerek parte hartu zuten. Zayzoui Rif-ekoa da eta Abarranen kantua abestu zuen, amazigh hizkuntzan. Rif-eko gerrari buruzko kanta epikoa da.