Ostegunean legealdiko azken osoko bilkura egin zuten Urretxun. Hainbat kreditu aldaketa onartu ziren eta alkateak ikastolarekin sinatu behar den hitzarmenaren berri eman zuen. Hitzarmen berriak 2022ko azarokoa ordezkatuko du eta ikastolako pilotalekuak ere jasotzen ditu. Horiek eta futbol zelaia udalaren
eskuetara pasako dira. Udalak kirol instalazioak eta aisialdi gunea egingo ditu futbol zelaian eta pilotalekuetan, 2026ko ekainaren 30erako.
Frontoietan jolaserako eta aisialdirako gune bat egingo du eta futbol zelaian Aldiri Bi kiroldegia. Obrak iraun bitartean, ikastolak udalaren jabetzako kirol instalazioak erabili ahal izango ditu kirola egiteko. Obra bukatutakoan, ikastolak Aldiri Bi kiroldegian lehentasuna izango du eskola orduetan. Eskola orduetatik kanpo, gainontzeko herritar guztiek erabili ahal izango dituzte Aldiri Biko instalazioak.
Kreditu gehigarria Horretaz gain, osteguneko osoko bilkuran 840.000 euroko kreditu gehigarri bat onartu zen. Diru hori soberakinetik hartuko da. Udalak lau milioiko soberakina du. 840.000 euro horiekin hamabost egitasmori aurre egingo zaie: bost handi eta hamar txiki.
Eraikinak hobetzeko partida 150.000 eurotik 300.000ra pasako da. Diru horrekin igogailu bat egingo dute Pagoeta gune soziokulturalean. Beste 100.000 euro Gainzurirentzat izango dira. Hala, 120.000 euro izango ditu hainbat gelatan tabike mugikorrak jartzeko. Inbertsioetako partidak 211.000 euro gehiago izango ditu, ikastolarekin sinatutako hitzarmenari aurre egiteko eta Aldiri Bi kiroldegiaren proiektuaren idazketa ordaintzeko. Aparizio auzoaren zaharberritzearen azken faseak 30.000 euro gehiago izango ditu (110.000 guztira). Beste 120.000 euro udaletxeko hainbat gela egokitzeko izango da (zerbitzu ekonomikoak eta hirigintza tokiz aldatzeko).
50.000 euro Agerre baserriko bidearen zaharberritzearen lehen fasea egiteko izango dira. Beste 30.000 euro Gurutze auzoan haurrentzako parke bat egiteko. 14.000 euro Mundo Mejorren aparkaleku berri bat egiteko erabiliko dira. 30.000 euro herriko toki ezberdinetan asfaltatze lanak egiteko: Ipeñarrieta 24ren atzealdea eta Iparragirre plazako garajeetako sarbidea. 8.000 euro (18.000 guztira) bidegorria asfaltatzeko izango dira (San Martineko parke estalitik Barrenkale 1aren atzealdera). Bukatzeko, 50.000 euroko partida bat sortuko da Mugitegiko B bideko ezponda egonkortzeko.
Kreditu gehigarriaz gain, kreditu transferentzia onartu zen: partida batzuetan ez da aurreikusitakoa bezainbeste gastatuko eta diru hori beste partida batzuk indartzeko erabiliko da. Eguneko zentroko ile apaindegia ez da aurten berrituko (20.000 euroko aurrezkia), lizeoko obrak ez dira aurten egingo (50.000 euroko aurrezkia) eta kiroldegian uste baino material berri gutxiago behar da (15.000 euroko aurrezkia), besteak beste.
Kreditu transferentzia 126.000 eurokoa da. Horri esker, merkataritza planak 9.400 euro gehiago izango ditu, sustapen ekonomikorako diru-laguntzek 4.000 euro gehiago, seinalizazio horizontalerako partidak 12.000 euro gehiago, kultur ekintzek 22.400 euro gehiago eta jaiek 24.900 euro gehiago. Gainera, 18.000 euro gehiago bideratuko dira haurrentzako parkeen mantenura.