Alex Gonzalez Urretxuko PSE-EEren alkategaiak maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako programa aurkeztu du. Hauteskunde proposamena lan “kolektibo” bat da eta programa prestatzeko elkarte eta norbanakoekin bilerak egin ditu.
Programa hiru ardatzetan oinarritzen da eta ardatz horiek “funtsezkoak” dira: enplegu aukera berriak, ekonomia oparoagoa Urretxun eta adineko eta umeen ongizateaz arduratzen den herria. Lehenik eta behin, gazte enplegua sustatzearen aldeko apustua egin nahi du, lanbide heziketako zentroekin hitzarmenak dituzten enpresetako praktika programen bidez. Bigarrenik, tokiko produktuen merkatua sustatu nahi du. Horretarako, dinamizazio plan bat ezarri nahi du, Urretxuko alde zaharreko lokalak egokitu eta suspertzeko. Gainera, herriko elkarteak sustatu nahi ditu. Horiei ere tokia egingo die alde zaharreo lokaletan. Bestalde, programa adinekoen eta gazteen errespetuan eta duintasunean oinarritzen dela esan du. Hala, beraien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko ekintzak sustatuko ditu. Besteak beste, 2 eta 11 urte bitarteko umeentzako ludoteka bat ireki nahi du.
Etxebizitza ere programaren erdigunean dago. Urretxuko sozialistek etxebizitza eskaintza handitu nahi dute. Alokairua sustatu nahi dute eta, horretarako, prezio eskuragarriko alokairu publikoko parkea sortu nahi dute. Adinekoentzako edo behar bereziak dituzten pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitzak ere sustatu nahi ditu.
Kirol arloan, kirol elkarteekin lankidetza sustatu nahi du, kirolean inklusioa eta aniztasuna bultzatzeko. Lokal hutsen birgaitzea herriko kirol elkarteei egoitzak eskatzeko baliatu nahi du. Besteak beste, mendi taldeari.
Horretaz gain, “elebitasun soziala, elkarbizitzakoa” sustatuko duela esan du. Jarduera soziokulturalak eta integrazioa, elkarbizitza, tolerantzia eta hezkuntza zibikoa sustatuko dituzten jardunaldiak antolatzearen alde azaldu da.