Roberto Rodanes (Urretxu, 1972) margolariak ‘Sinbologia propioa’ erakusketa irekiko du bihar, 18:00etan, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Bere lanak hilaren 28ra arte egongo dira bertan.

Betidanik gustatu al zaizu margotzea?
Hamahiru urterekin Felix Vaqueriza margolariaren eskolan izena eman nuen eta gustatu egin zitzaidan. Bruguera argitaletxeko komikiak irakurtzen nituen eta horrek marrazketara eraman ninduen.
Zergatik gustatu zitzaizun horrenbeste marraztea eta margotzea?
Nire aurrerapenak eta ikaskideenak ikusten nituen. Ikaskideen eskutik ere asko ikasi nuen. Ondoren, kolorearekin, olioarekin… hasi nintzen. Ezagutu beharreko unibertso berri bat azaldu zen nire aurrean.
Maisu gehiago izan al zenituen?
Bai. Hainbeste gustatu zitzaidan, non Leioara joan nintzen Arte Ederrak ikastera. Nahiko ikasi nuen, baina gehiago ikas zitekeela iruditzen zait. Diseinu grafiko eta industrial espezialitatea egin nuen.
Horretan lan egin al duzu?
Bai. Gaitasun pedagogiko ikastaroa egin nuen eta plastika irakaslea izan nintzen. Bigarren Hezkuntzako institutuetan lan egin nuen, Valladoliden eta Zamoran. Bide hori utzi nuen eta ordutik artearekin zerikusirik ez duten lanetan aritu naiz, baina ez diot sekula margotzeari utzi.
Nola definituzko zenituzke zure lanak?
Nire obra figuratiboa da. Erakusketa honek lau atal ditu: hiri paisaiak, pertsona taldeak, panpinadun bisioak eta marrazkiak. Azkenekoan transparentziak erabiltzen ditut elementu bisual bezala. Lau atalek elkarren arteko lotura dute eta oniriko izendatzen ditudan konposizioak sortzen dituzte. Eguneroko errealitatean ohikoak diren elementuei sinbologia pertsonala gehitzen diet, sinbologia propio horretatik abiatuta mundu berri bat sortzeko.
Erakusketa asko egin al dituzu orain arte?
Honako hau nire lehen erakusketa da. Lanak denbora asko kentzen dit eta, gainera, niri gustatzen zaidana nire tailerrean lan egitea da, ez egindako lana erakustea. Lagunek bultzatu naute erakusketa egitera. Egia esan, ilusioa egiten dit.
Lehiaketetan parte hartzeko ohitura duzu.
Hainbat lehiaketatan nire lanak erakusteko hautatu dituzte. Urretxuko erakusketan Irungo eta Urretxu eta Zumarragako lehiaketetara aurkeztutako lanak ikusi ahal izango dira. Urretxu eta Zumarragako lehiaketan bi sari lortu ditut, Y en el principio era el verbo eta Los fantasmas del consumismo lanekin. Bi lan horiek Juan de Lizarazuko erakusketan ikusi ahal izango dira. Zumarragako Udalari eskerrak eman nahi dizkiot, bi lan horiek bereak baitira eta erakusketarako utzi baitizkit. Urretxuko Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiot, noski, erakusketa hau egiteko aukera eman didalako. Lagunei ere eskerrak eman nahi dizkiet, erakusketa egitera animatu nautelako.