Zumarragako anbulatorioa eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan irekitzearen aldeko 24/7 plataformak komunikatu bat igorri du komunikabideetara, osasungintza publikoa indartzeren alde. Horra hor testua:
“Denok dugu kalitatezko osasungintza publiko duina eta unibertsala edukitzeko eskubidea, ahalik eta osasun baldintza onenetan bi ahal izateko.
Hala ere, eskubide hau aspalditik urratzen ari dela ikusten dugu, Osakidetzaren arduradun politikoek egin duten plangintza negargarrien ondorioz.
Plangintza honen ondorioak dira, besteak beste, lehen mailako arretan ematen ari diren murrizketak: arreta emateko ordutegiak murriztea, arreta presentziala lortzeko zailtasun handiak izatea, espezialista batekin hitzordua lortzeko itxaron zerrenda luzatzea, ebakuntzak egiteko epeak asko luzatzea, lehen mailako arretako osasun langileak sarritan aldatzea, gure hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratzen direla jasatea eta abar.
Bi urte baino gehiago daramatzagu egoera hau eta Zumarragako Etengabeko Arreta Zerbitzua egunero eta eguneko 24 orduetan zabalik behar dugula eskatzen. Horretarako, hamabostean behin, hileko lehenengo eta hirugarren asteazkenetan, geltokiko plazan elkartzen gara.
Nahiz eta lortu dugun larunbata, igandea eta jai egunak 08:00etatik 21:00etara irekitzea, entzungor egiten diote 24 orduen eta 7 egunen eskaerari. Larrialdietan Beasainera joateko esaten digute.
Era berean, osasun mentaleko zentruan behar den profesional kopurua ziurtatzea eskatzen dugu.
Ez gara bakarrak. Euskal Herriko herrialde guztietan irten dira kalera hau eskatzen. Honengatik guztiagatik, hurrengo elkarretaratzean gurekin elkartzeko eskatzen dizuegu. Maiatzaren 17an izango da, geltokiko plazan, 18:00etan.
Garrantzitsua da herritarrok gure osasun publikoaren aldarria egitea. Lehen mailako arreta ziurtatuta eduki nahi dugula, elkartuta eskatzea”.