Pregoia Julio Pascualek irakurri du
Euriak festa zapuzteko asmoa azaldu duen arren, ez du lortu. Giro bikainarekin hasi dira Eitzako jaiak. Jai batzordeko Julio Pascualek irakurri du pregoia. “Ni bezalako auzotar peto-peto batentzako hunkigarria da hemen egotea. Eitzako jaietako komisioari eskertu nahi diot proposamena. Pozgarria da gure auzoa horrela ikustea, bizirik eta jaietan. Badakizue: kanta, dantza eta jaia, baina errespetuz eta jator. Antzeman dadila munduko auzorik hoberenean gaudela!”, esan du.
Arratsaldean txokolate jana, buruhandiak eta txaranga egon dira. 21:30ean, berriz, herri afaria egingo dute ermitako arkupean. Bukatzeko, gauerditik 04:00ak arte DJ Inax-ek jendea dantzan jarriko du txosna gunean.
Biharko ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute San Gregorio kalean. Ordu berean Zu Dantzaz eta Jalgi Hadi taldeekin dantzaldia egingo dute Kortako plazan. Eta pilotalekuan gaztetxoen pilota txapelketako finalak jokatuko dira.
Arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte. 17:00etan kros herrikoiari hasiera emango zaio. 6 urte artekoek 60 metroko lasterketa egingo dute, 7-8 urtekoek 120 metrokoa, 9-10 urtekoek 280 metrokoa, 11-12 urtekoek 900 metrokoa, 13, 14 eta 15 urtekoek 1.280 metrokoa eta 16 urtetik gorakoek 2.500 metrokoa.
Ondoren, 19:30etik aurrera, Zutik elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du. Gauerako kontzertua antolatu dute: Iratzar erromeria taldeak txosna gunean joko du, 23:30etik 03:00etara.
Igandean, Antxiñako Ama txistulari taldekoak izango dira kalera irteten lehenak. 10:00etan goiz eresia egingo dute. 11:00etan meza egingo dute auzoko ermitan. Mezan Goiargi abesbatzak abestuko du. 12:30ean Irrintzi dantza taldearen Dantzari Txikiko haurrek auzoan dantzatuko dute. 13:00etan Zumarragako musika bandak kalejira egingo du.
Arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte: 16:30ean Erdizka Lauetan taldeak txosna gunean dantza ekitaldia egingo du eta 18:00etatik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoko kaleak girotuko ditu. Erdizka Lauetan taldearen ekitaldia Irrintzi dantza taldeak antolatu du. Bertan, nahi duten guztiek dantza errazak ikasi eta dantzatzeko aukera izango dute. Igandeko ekitaldiekin bukatzeko, 22:00etan txosna gunea itxiko dute.
Jaiak astelehenean amaituko dira, San Isidro egunean. 11:00etan meza egingo dute eta ondoren auzoko jubilatuek hamaiketakoa egingo dute. Hamaiketakoa, urteroko moduan, Irrika elkarteak antolatuko du.