Helena Bilbao gazte zumarragarrak zazpi hilabete eman ditu Zeelanda Berrian. Furgoneta bat erabili du bizitzeko eta herrialdea ezagutzeko eta kiwi enpresa batean eta taberna batean lan egin du.
Furgonetek arrakasta itzela dute, baina ez dira asko Helena Bilbao bezain urruti eta horrenbeste denborarako joan direnak: Zumarragako gazte honek zazpi hilabete egin ditu Zeelanda Berrian, furgoneta batetan bizitzen.
Bilbaori asko gustatzen zaio bidaiatzea eta kultura berriak ezagutzea. Duela urte batzuk Indonesian egon zen lanean eta ondoren, pandemiaren aurretik, Irlandan. Oraingoan munduko beste puntara joan da. Joan zen astean itzuli zen antipodetatik.
Bilbaok irakasle-ikasketak egin zituen eta atzerrira joan zen praktikak egitera, Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekaren eskutik. «Balin egon nintzen, sei hilabete, nazioarteko ikastetxe batean. Ondoren, Irlandako haurreskola batean lan egin nuen. Sei hilabete eman nituen bertan. Pandemiarengatik bueltatu nintzen. Ordutik, Correosen eta euskaltegian lan egin dut, atzerritarrei errefortzu eskolak ematen. Udaleku munduan ere lan egin dut, urtero».
Zeelanda Berrian ere lanean aritu da. «Urte beteko bisa nuen eta sei hilabete lan egiteko aukera. Hasieran kiwi munduan lan egin nuen: gaizki zeudenak ondo zeudenengatik ordezkatzen. Ondoren, taberna batean lan egin nuen».
Hirurak oso esperientzia ezberdinak izan direla dio. «Indonesiakoa sekulakoa izan zen. Ikastetxeko gelak irekiak ziren eta jolasen bidez ikasten zuten. Gai bat aukeratzen zuten eta jolasen bidez eta naturarekin kontaktuan lantzen zuten. Bost urteko haurrekin egon nintzen. Irlandan urte bateko eta bi urteko haurrekin egon nintzen eta zaintza lana egin nuen batik bat», azaldu du.
Oso argi zuen egunen batean Zeelanda Berrira joango zela. «Aspalditik buruan nuen herrialde bat da. Bidaiatzen duzunean zure esperientziak partekatzen dituzu eta askok esan zidaten oso natura aberatsa duen herrialdea dela eta jendea hirietan kontzentratzen dela. Mendira joatea asko gustatzen zait eta pausoa eman nuen. Bi lagunekin joan nintzen eta une batzuetan bide ezberdinak jarraitu ditugu».
Zazpi hilabeteak furgoneta batean eman ditu. «Zeelanda Berrira denbora luzerako doan jende askok furgoneta erosi eta ondoren saldu egiten du. Etxe bat alokatzea baino merkeagoa da eta bidaiatzeko aukera ematen du. Asko mugitu naiz. Denboraren erdia lanean eman dut eta beste erdia, bidaiatzen, gutxi gorabehera», oroitu da. «Ingelesez ondo moldatzen naiz, baina taberna batean lan egitea erronka izan da. Asko gozatu dut eta jende asko ezagutu dut».
26 urte bakarrik ditu eta dagoeneko Euskal Herritik kanpoko hiru herrialdetan bizi izan da. Bakoitzak bere ezaugarriak dituela dio. «Indonesian hemen baino askoz ere lasaiago bizi dira. Han ez dago presarik. Indonesiatik Irlandara ia zuzenean pasa nintzen eta talka handia izan zen. Presarik gabe bizi ziren toki batetik, jendea behera begira eta korrika bizi den batera pasa nintzen. Zeelanda Berriari dagokionez, han jendeak lanez aldatzeko erraztasun handia du. Hemen baino askoz ere handiagoa. Lan eskaintza handia dago».
Zeelanda Berriko jendearen eskuzabaltasuna ere azpimarratu du. «Mundu guztia guri laguntzeko prest agertu da. Oso umilak dira eta laguntzeko prest daude une oro».
Natura ere azpimarragarria da. «Kilometro asko egin daitezke ia inor ikusi gabe. Baserritarren bat, behiak, ardiak eta zelaiak besterik ez. Glaziar ikusgarri batera joan ginen eta gu bakarrik geunden. Izan ere, paraje ezberdinak oso sakabanatuta daude. Herrialdea oso ondo prestatuta dago furgonetan bidaiatzeko. Eta mendian txabolak daude, lo egiteko. Bide guztiak oso ondo markatuta daude. Natura asko zaintzen dute. Mendian ez dut plastiko bakar bat ikusi. Eta mendian bideak oso ondo markatuta daude, jendea bidetik atera ez dadin. Gainera, mendira iristen zarenean oinetakoen zolak garbitu behar dituzu, ekosistema kutsatu dezakeen ezer eraman ez dezazun. Hori bai, ez dago parranda egiteko aukera asko. Hirietan bakarrik. Herrialde lasaia da».
Oraingoz, ez du beste inora joateko asmorik. «Hemen gelditzeko gogoa dut. Hemen dudanaz gozatzeko gogoa: familia, lagunak, bikotea… Ea lan bat lortzen dudan. Hezkuntza munduan bada, askoz ere hobeto».
Gurasoek gustura hartu dute. «Ni kanpora joatea ohituta daude eta badakite bidaiatzea gustatzen zaidala eta sekulako esperientzia dela. Hori dela eta, beti animatu egin naute. Baina faltan somatu naute eta nik beraiek ere bai. Pozik daude etxera itzuli eta hemen geldituko naizelako».