Zumarragako PSE-EEk udal hauteskundeetako programa aurkeztu du gaur eguerdian. Mikel Serrano alkategaiak, Arantxa Gonzalezek, Nerea Errastik, Mari Mar Iglesiasek eta Rosa Maizak hartu dute hitza.
Hasteko, Serranok kudeaketan duten esperientzia azpimarratu du. Ondoren, Arantxa Gonzalezi eman dio hitza. Gonzalezek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko programa abian jarri nahi dutela eta bere egoitza Urolako geltokian egongo dela esan du. “1,2 milioiko aurrekontua behar dugu eraikina egoitzeko eta dagoeneko diru-laguntzak bilatzen ari gara”.
Errastik Gaztedia Planak eta Haurren Laguna den Hiria egitasmoak gazteen eta haurren parte hartzea bermatzen dutela eta horren eskutik beraien beharrak ase ditzaketela azpimarratu du.
Iglesiasek 2030 Agendaren eskutik trantsizio energetikoa egingo dutela aurreratu du. “Tokiko energia komunitatea sortu dugu eta Argixao industrialdean beste energia komunitate bat sortuko dugu. Erabiltzaileak erdigunean jarri nahi ditugu”.
Maizak sustapen ekonomikoaz hitz egin du. “Ekintzailetza programa bat martxan jarriko dugu, lokal hutsak dinamizatzeko eta merkataritzan belaunaldi aldaketa bermatzeko. Gainera, langabetu guztiekin harremanetan jarriko gara, bakoitzaren egoera zein den jakiteko eta lan munduan murgiltzen laguntzeko”.
Bukatzeko, Serranok hartu du hitza berriro. Egitasmo ezberdinen berri eman du: kalistenia parke bat (gimnasia aire librean egin ahal izateko), Argixao kiroldegia handitu, San Isidron eta Legazpi kalean oinezkoei lehentasuna eman, Txurruka eta Beloki hiribidea eta Elgarrestamendi eta adinekoen egoitza igogailu bidez lotu, mojen lursail batean 100-150 autorentzako aparkalekua, Eitzaga Berrin gazteentzako 108 etxebizitza, geriatriko zaharrean adinekoentzako eta gazteentzako 24 etxebizitza…
Industriaz ere hitz egin du. “Zumarragak industria izatea nahi dugu. Hori dela eta, Arcelor itxi zenetik ez diogu lan egiteari utzi. Industria jasangarria nahi dugu. Eta etorkizuna duena. Horrela bakarrik lortuko ditugu aberastasuna eta lanpostuak, belaunaldi berriei aukerak eskaintzeko. Orain arte proposamen bakarra izan dugu: ekonomia zirkularraren berrikuntza poloa, aldundiaren eskutik. Udalaren buru jarraitzen badugu, Zumarragan berrindartze industrialaren alde lan egingo dugu. Eta, orain arte bezala, ingurumen, hirigintza eta segurtasun arau guztiak beteko ditugu. Arcelorren ireki nahi den lantegian ez da plastikorik erreko. Eta enpresa horrek beste batzuk erakarriko ditu. Beste inork ez du eskaintzarik ekarri. Guk egingarriak diren proiektuak aurkezten ditugu. Eta beti zumarragarren interesen alde lan egiten dugu. Batez ere, osasun arloan”.