Herritarrek ‘Erremontari’ txapelketako finalaurreko partidak eta telesailaren grabaketa doan ikusteko aukera izango dute
Partiduak ekainaren 5ean izango dira, 18:00etan hasita, Hernaniko Galarreta pilotalekuan eta gonbidapenak Ispilla kiroldegian jaso behar dira
Erremonteari ikusgaitasuna ematea eta kirol modalitate hau zabaltzea helburu duen Erremontari txapelketak hirugarren edizioa du aurtengoa. Apirilaren 17an ekin zion eta partidak astelehenetan jokatzen dira Hernaniko Galarreta pilotalekuan, txapelketa bere osotasunean EITB-k eskainita. Bertan sei bikote dabiltza parte hartzen, bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuz: Urriza-Martirena (Alorrenea), Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Segurola-Juanenea (Bereziartua), Ansa II-Zaldua (Aburuza) y Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta).
Ligaxka fasean guztiek elkarren aurka jokatuko dute eta lau bikote onenek ekainaren 5eko finalerdietarako txartela lortuko dute. Partidu hauek 18:00etan ekingo diote eta Zumarraga eta Urretxuko biztanleek jardunaldia eta telesailaren grabaketa doan ikusteko aukera izango dute. Horretarako, aldez aurretik Ispilla kiroldegian gonbidapena jaso beharko da, Galarretako sarreran aurkeztu beharko dena.
Urtetik urtera zenbait berritasun txertatu dira txapelketa honi ikusgarritasuna emate aldera. Aurten ikusleari esperientzia osoago bat eskaintzeko helburuarekin, zenbait baliabide teknologiko erabiltzen ari dira; hala nola, erremontistek kaskoetan txertatuta dituzten kamera eta mikroak, pilotalekuko txoko ezberdinetan kokatu diren kamerak eta txapelketaren datuak eskaintzen dituen adimen artifizialeko pertsonaia. Guzti hau EITB-k bere lehenengo katean astelehenero 22:00etan eskaintzen duen saioan ikus daiteke.
Aurten estreinakoz Erremontari Euskal Herriko udalerri ezberdinetara zabaldu nahi izan dute. Hori dela eta, Erremontari Herriz Herri txapelketa abian jarri da. Txapelketa honek Galarretako frontoi luzea (54 metro) utzi eta beste herri batzuetako frontoi motzetara (36 metro) egin du salto. Bertan 8 jardunalditan zehar Oriamendi enpresako pilotari guztiek parte hartuko dute eta lau pilotari onenek Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dituzte finalak ekainaren 18an. Bikoteak ez dira finkoak izango eta puntuaketa onena duten lau erremontistek (eginiko tantuen eta huts egiteen kenketaren emaitza) jokatuko dute talde bakoitzeko finala.