UZ Bizi! plataformak Plastic Energy-ren egitasmoaren aurkako eskuorriak banatuko ditu Beitia martxan
UZ Bizi! plataformak bilera egin zuen atzo Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Bertan, Arcelorren ireki nahi duten lantegiaren aurka emango dituzten hurrengo pausoak adostu zituzten.
Plataformako kideak gustura daude atzoko bilerak emandakoarekin. “Aurreko bileran baino jende gehiagok parte hartu zuen. Jende anitza, gainera. Alderdi ezberdinetako jendea”.
Datozen egunetan egitasmoari buruzko informazioa zabalduko dute eta bide legalari ekingo diote. “Hauteskundeetako foko mediatikoa baliatu nahi dugu. Etxe guztietan eskuorriak banatuko ditugu, bideo labur bat egingo dugu Whatsapp bidez zabaltzeko, Beitia martxan eskuorriak banatuko ditugu eta kartelak jarriko ditugu”.
Bide legalari dagokionez, adituekin harremanetan jarri behar dira. “Zaila egiten zaigu horrelako lantegi bat herrigunetik horren gertu jartzea legezkoa dela sinestea. Egitasmoa aurrera doa, baina udalak proiektua akatsa batzuekin aurkeztu ditu. Helegiteak aurkezteko asmoa dugu”.
Horretaz gain, ikastetxeekin eta elkarteekin biltzeko asmoa dute. “Ikastetxeetara jo behar dugu, haurrak bereziki zaurgarriak baitira. Eta kirol elkarteekin ere hitz egin behar dugu. Urolak, adibidez, erraustegia jarri nahi duten tokitik oso gertu entrenatzen eta jokatzen du”.