Ze ekarpen egin diezaioke EAJren hautagaitzak Urretxuri?
Gure proposamenari jarraipena emateko apustua egin dugu.
Zortzi urte hauetan EAJk gizarteko sektore guztiekin hitz egiteko borondatea duela erakutsi du eta urretxuarrak entzuten jarraituko dugu, harik eta akordio maila altuena lortzeko. Alderdi politiko, erakunde, eragile sozial zein ekonomiko eta, oro har, herritarrekin daukagun lankidetza udal gobernuaren jardunaren erdigunean jartzen jarraituko dugu. Izan ere, lan egiteko modu horrekin, Urretxu osoak irabazten du.
Berriz aurkezten zara alkate izateko, nola ikusten duzu zure burua?
Nire burua talde baten beste partaide bat bezala ikusten dut. 2015ean aurkeztu genuen ia talde berberarekin gatoz. Berez, gure taldearen aurkezpenik onena azken urte hauetan egin dugun lana dela uste dut. Talde sendoa dugu. Talentua, ilusioa eta konpromisoa uztartzen dituzten hamasei emakume eta gizon gara. Adin eta jatorri ezberdinekoak, udalaren kudeaketan ibilbidea eta eskarmentua dugu eta guztiok komunitate osoaren alde lan egiteko gogoa dugu.
Zeintzuk dira zuen proiektu nagusiak?
EAJk hurrengo lau urteotan gauzatuko dituen proiektu garrantzitsuenak ondorengoak dira: pertsona eta kolektibo zaurgarriei zerbitzu eta arreta soziala bermatzen jarraituko dugu. Ekiolaren eredua jarraituz, komunitate energetiko bat gauzatzeko lurra eskuratu dugu. Pagoetako proiektua bukatu nahi dugu. Lilibason gazteentzako etxebizitza sozialak egingo dira. Legealdiko proiektu garrantzitsua ALDIRIBI kiroldegi berria da. Aipatutako proiektu horiek guztiak aldi berean eta beste askorekin (BMko eta Mundo Mejorreko aparkaleku berriak, goiko auzoetara zerbitzua emango duten igogailuak, Aparizio eta San Martineko auzoetan eta Matxinporta kalean pendiente geratzen diren urbanizazio lanak….) batera egitea da gure proposamena.
Garapen ekonomikoari dagokionean, EAJk sektore guztiei erreparatuko die orain artean egin bezala. Industriari dagokionez, besteak beste enpresa eta jarduera ekonomiko berriak bultzatutako ditugu Irimon, Sarralden eta Bengoleako guneetan. Merkataritza babestuko dugu jarduera konkretuen bitartez. Alde Zaharrak protagonismo berezia izango du jarduera horietan. Nekazaritzaren alorrean tokiko ekoizleei babesa emango zaie ekoizpenean eta baita komertzializazioan ere.