Estatu espainiarreko Ingurumen idazkariak Arcelorreko egitasmoak ez duela herritarren osasuna arriskutan jartzen esan du
Atzo arratsaldean Estatu espainiarreko Ingurumen Idazkaria, Hugo Moran, Zumarragan egon zen. Arcelorreko egitasmoak ez duela herritarren osasuna arriskutan jartzen esan zuen. “Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza Poloa ingurumenaren aldekoa da, ekonomia zirkularra bultzatuko du eta zumarragarren osasuna errespetatuko du”, esan zuen. Ez dela erraustegia gehitu zuen. “Ez du oxigenorik erabiltzen eta, beraz, ez dago errekuntzarik”, azaldu zuen.
Zumarraga eredugarritzat jo zuen. “Etorkizunari aurre egiten jakin du. Ur hornidura sarean hobekuntzak egin ditu ahalik eta ur gutxien galtzeko eta tokiko energia komunitatea sortu du. Zumarraga eredu bezala jarriko dugu eta hurrengo legealdian alkate asko etorriko dira hemen egiten den lana ezagutzera”.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza Poloarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu zuen. “Zumarragaren etorkizuna jokoan dago. Egitasmo estrategikoa da. 50 lanpostu zuzen eta zeharkako 100 lanpostu sortuko ditu eta beste enpresa berde batzuk erakarriko ditu. Zumarragako gobernuak aurrera ateratzen dituen gainontzeko egitasmoek bezala, ingurumena eta herritarren osasuna zainduko ditu”.
Beste alderdi batzuek herritarrek “beldurtu” nahi dituztela esan zuen, “irabazi politikoa” lortzeko. “Oposizioak eta oposizioak sortutako plataformak esandakoa gezurra da. Sare sozialetan zabaldu den bideoa muntaia da. Bideoan ikusten dena ez da Zumarragan egingo dena, Zumarragan ez baita errekuntzarik egongo eta, beraz, ez baita erraustegia izango”.