Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak herriari?
Beste eredu bat badagoela erakutsi nahi dugu. Herritarrei soluzioak ematen dizkiena. Pertsona guztien zaintza bermatzen duen zerbitzu publikoa. Horretarako, zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena defendatzen dugu. Kudeaketa zuzenak kalitate handiagoa eskaintzen du eta eraginkorragoa da. Uraren zerbitzua eta etxez etxeko laguntza zerbitzua kudeatzeko, enpresa publikoak sortu nahi ditugu.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Proiektuei dagokienez, enplegu duina sortzeko programak, auzo elkarteak, berdeguneak eta kutsatzen ez duten enpresak sustatu nahi ditugu. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen duten enpresak nahi ditugu eta ez ospitaletik eta herriko ikastetxe batetik gertu jarri nahi duten plastiko erraustegia.
Bigarrengoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Lau urte hauek oso gogorrak izan dira, pandemia eta udaletxe barruko egoera dela eta. Hala eta guztiz ere, pozik nago lortutakoaz, gure lana ikusarazi ahal izan dudalako, bai kaleetan egonez hainbat erakunde eta taldeekin eta baita medioetan. Teknikari askori esker, barne kudeaketaz asko ikasi dut. Eskerrak eman nahi dizkiet. Ilusioz eta gogotsu sentitzen naiz, herritarrekin dudan konpromisoarekin aurrera jarraitzeko.