Zinegotzirik lortu ez duten arren, kalean lan egiten jarraituko dutela aurreratu dute
Elkarrekin Podemosek ez du ordezkaririk lortu Zumarragan eta, horrenbestez, Ines Benitezek zinegotzi izateari utziko dio. Koalizioak gutuna bidali du komunikabideetara.
“Elkarrekin Zumarraga eta Urretxuko kideok eskerrak eman nahi dizkiegu botoa eman diguten ia 300 pertsonei. Lau urte hauetan, Ines Maria Benitez zinegotzia kalean egon da, bizilagunekin, mugimendu sozialekin eta plataformekin: Etengabeko Arreta Gunearen aldeko plataformarekin, pentsiodunekin, A-636 errepideko bidesarien aurkako plataformarekin, ostalariekin eta merkatariekin pandemian zehar, adinekoen egoitzetako langileekin, emakume etorkinekin, sahararrekin… Hurrengo lau urteak gogorrak izango dira, baina ez diogu jendearekin egoteari utziko, naiz eta ez dugun ordezkaritzarik lortu. Oso mingarria da, genuen onena eman ondoren, Zumarragako Udalean egiten ari ginen lanari jarraipena emateko aukera ez izatea. Aldaketa sustatzen jarraitzeko aukera ez izatea. Gutxigatik izan da. Herritarrek, PSE-EE zigortzeko, EH Bilduri botoa eman diotela uste dugu. Horrek, eta abstentzioak, kalte egin digu. Lanean jarraituko dugu. Hemendik aurrera kalean bakarrik izan beharko da. Udalean ordezkaritza duten alderdiei proposamenak aurkeztuko dizkiegu eta langileen mobilizazioetan parte hartzen jarraituko dugu”.